Liburutegi txokoa eta azoka txikia Plaza Barrixan ziren bitartean, ipuinen irakurketaz lasai gozatzeko, Larraitz Urruzolak, orain kanta zaharrak abestuz, orain txotxongiloak dantzan ipinita, euskara eta galegoa tartekatuta, egoitzako adineko gizon eta emakumeen zein hurreratu ziren umeen eta helduen arreta bereganatu zuen. Euskal Herriko ipuin zaharrak kontatu zituen, aspaldiko kantak txotxongiloz interpretatu, Rosalia de Castroren poemak errezitatu, hango eta hemengo kanta eta pertsonaiak plazara ekarri...
Hurrengo hitzordua Ester Povedak eskaini zuen eliz atarian. Hurreratu ziren ume, gazte eta helduentzat mundu zabaleko ipuinak ekarri zituen. Boluntarioak ipuina interpretatzera atera zituen, jantzi ikusgarriz mozorrotu, musikarekin dantzan aritu zen... Emanaldi goxoa eta bizia eskaini zuen, orain euskaraz, orain valentzieraz eginez.
Arratsaldeko lehen saioan, Tarana Karimek Azerbaijango ipuin tradizional bi kontatu zituen, luze eta zabal, xehetasun askorekin. Hango kulturako baloreak transmititu zituen, pertsonaia fantastikoak irudikarazi, tragediak eta borrokak, une xarmangarriak... Azeri hizkuntzan eta euskaraz kontatu zituen. Azaldu zuen Soraluzen izan duela lehenengoz azeri hizkuntzan ipuinak kontatzeko aukera eta emozioz betetako emanaldi berezia izaten dela beretzat.
Azken saioa Ana Apika eta Intxixu Valbuenaren eskutik etorri zen. Hainbat ipuin kontatu zituen Anak eta soinutxoekin eta melodiekin lagundu zuen emanaldia Intxixuk. Barre algaraz betetako kontakizun biziak eta mugimendu askokoak izan ziren, xamurrak ere bai, eta kanta ezagunez jantzitakoak ere bai. Umeek aktiboki parte hartu zuten zenbait momentutan eta izan ziren publiko helduarekin pasarte barregarriak ere.
Munduko ipuinez, doinuz, ikaspenez, irudimenez eta gozamenez bete ziren txokoak eta bertaratutakoen bihotzak.