Badira urte batzuk Soraluzen Gaba Baltza ospatzen dela. Mozorroak, goxoki eskea, sua, gaztainak, kantuak... izaten dira protagonista urriaren 31n ospatu ohi den jaian. Aurtengoari bultzada eman eta euskal ohitura tradizionala berritzeko asmoarekin, "Aisialdia Elkarrekin" (guraso elkarte biak, Pil-pilean eta Udala) biltzen hasita dago lehen prestaketei ekiteko. Jaiak izaera komunitarioa, euskalduna, naturari lotua, beldurrak gainditzeko balio duena eta aldi berean alaia izatea dute helburutzat. Ekimenak zehaztu eta elkarlanean antolatzeko asmoz, bilera irekia deitu dute datorren astelehenerako.
Lekittoko Deabruak kaleetan
Sua eta piroteknia uztartzen dituen Lekeitioko kale antzerki taldea etorriko da herrira Gaba Baltzean egingo diren ekintzei bukaera ematera. Irabazi asmorik gabe, herrigintza ardatz duen taldea da, kultur sorkuntza bultzatu eta euskara hutsez lan egiten duena. Emankizun ikusgarria eskainiko dute herriko erdigunean, plazetan zein kaleetan.