Presaren erdia eraitsita

Ubane Madera Zangitu 2025ko ira. 27a, 10:09

Eraitsi dute Oleako presaren erdia. Egunotan, atagia zabaldu eta lekuz aldatu dute hura, eta orain, eraitsi barik laga duten presaren zatia guztiz bistan da, ur barik. Aldi berean, presaren estribua egonkortzeko lanak egiten ere badabiltza. Zuloagako presan, berriz, kata egin dute eta egunotan, eguraldiak laga ahala, babesaren hormigoia erretiratzen hasiko dira. Bideoan ikusgai atagia zabaltzen dutenetik (martitzena) atzorainoko obren garapena.

Aste honetan, aldatu egin dute ubidea Oleako presaren bueltan. Presaren erdia botata, ura ubide berritik bideratzeko atagia zabaldu eta dagoeneko ura ez dator presatik behera. Hori egiteaz bat, presaren estribua egonkortzeko lanak egiten ere ari dira.

Behin ibaian eta presan egin beharrekoak bukatuta, presatik botatako materiala erretiratzeko lanak hasiko dituzte. 

Zuloagako presari dagokionez, berriz, egunotan, haren egoera zein den ikusteko kata bat egin dute eta emaitzen arabera, ikusi dute hormigoia tutuari pegatuta dagoela eta gainetik duela pobreagoa den hormigoizko babesa.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra Hidraulikoen departamentutik esandakoaren arabera, datozen egunotan, gainaldeko babes hori kentzen hasiko dira, dituen ezaugarriengatik polikiago lan egingo dute, eta betiere, eguraldiaren arabera.  

Naturalizatzeko helburua

Irailaren 1ean hasi ziren Zuloagako presa osorik eta Oleako presa partzialki eraisteko obrak. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Saileko Obra Hidraulikoetako zuzendaritza ari da obrak gidatzen, 141.221,05 eurotako aurrekontuarekin. Lanen esleipena duen Lurkide enpresak gehienez jota lau hilabete ditu bukatzeko.  

Ibaiak naturalizatzeko, lehengoratzeko eta iragazkortzeko helburuarekin ari dira, besteak beste, presetan jarduketak egiten, Europatik datorren legediarekin bat eginez, 2020-2030 agendaren plan estrategikoaren baitan. 

Gipuzkoako Diputazioko Obra Hidraulikoen zuzendaritzatik esplikatutakoaren arabera, presek zuzenean eragiten dute ibaiko arrainen eta batez ere, sedimentuen eta emariaren joan-etorrian. Sedimentuen eta emariaren kasuan, berriz, horiek zuzeneko eragina dute ibaiko floraren eta faunaren ekosisteman. "Eta presa bat izanez gero, emaria ez dago aske", azaldu dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.