Abenduan Gironako Storb taldearen lokalean sartu ziren eta bertan zegoen guztia lapurtu: zazpi anplifikadore, lau pantaila, ahots-ekipoa eta mikrofonoak, efektu pedalak eta bateria osoa eraman zituzten. Berauek topatzeko ahaleginak egin eta sare sozialetan mezua zabaldu arren, ez dute materialik topatu. Orain, punk eszenako lagunekin batera elkartasun kontzertuak antolatzen hasi dira, erosi beharreko instrumentu berrien gastuei aurre egiteko.
Asteburu honetan, talde katalanari laguntzeko bi kontzertu egongo dira Euskal Herrian. Bata barikuan izango da, Iruneko Lakaxita gaztetxean; eta zapatuan bestea, Soraluzeko gaztetxean. Gainera, ez dira bakarrik egongo: haiekin batera joko dute Zirt-zart talde irundar-donostiarrak, Ezin Izan taldeko Javi Destruye ahotsean —80. hamarkadako Euskal Herriko fanzine mugimenduaren aitzindaria— eta Anti-Regimen talde mitikoko Miguelon baxuan; eta Fly Shit talde bergararrak, Heloy Galan plazentziatarra baterian.
Zirt-Zart
Fly Shit
Storb
Kontzertuak 20:30ean hasiko dira eta sarrerak 5 euroan salduko dira, hasi aurretik, gaztetxeko atean bertan. Bildutako diru guztia Storb taldeari emango diote.