MESEDEETAKO JAIAK

Trumoi hotsen gainetik entzun zen Konbo Itxaropenaren rocka

Ander Gomez 2025ko ira. 20a, 14:04

Ilundu bezain pronto hasi zen ekaitza, baina Errekaldeko plazako giroa ikusita, ez zegoen Mesedeetako Jaien lehen eguneko egitaraua eteteko asmorik. Tximista eta euripean, rock talde klasikoen abesti famatuenak interpretatu zituen Konbo Itxaropenak: AC/DC, Guns N’ Roses, Bon Jovi, Ramones… Beti bezala formatu instrumentalean jo zuten, baina ahotsik ez zen falta izan: eszenatoki azpian jarritako jaimetatik gogotsu kantatu zuten rockzaleek, umeek txaloka eta dantzan erritmoa jarraitzen zieten bitartean.

Zapatua balitz bezala ospatu zuten ostiral gaua Errekalde eta Gipuzkoa Etorbideko jaietara gerturatu ziren herritarrek. Eguraldia gorabehera, inor ez zen plazatik mugitu eta musikaz blai amaitu zuten gaua: Konbo Itxaropenaren kontzertuari Kitziki talde elgoibartar-bergararraren erromeriak hartu zion lekukoa, eta kontzertuak amaitu ostean ere festak jarraitu zuen, karaoke eta guzti, 06:30 ingurura arte.

Antolatzaileek oso positiboki baloratu dute jaien lehen eguna eta herritarren harrera nabarmendu dute: "Bost ogi bakarrik geratu zitzaizkigun soberan txosnan, momentu batean egundoko ekaitza egin zuen arren".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.