Datorren zapatuan munduko ipuinez beteko dira Soraluzeko kaleak

Erredakzioa 2025ko ira. 21a, 08:00

Antolatzaile taldea 'Munduko ipuinen eguna'-ren bigarren edizioa aurkezten.

Irailaren 27an, zapatuan, Munduko ipuinen egunaren bigarren edizioa ospatuko da Soraluzen. Egun osoan zehar, munduko hainbat herrialdetako hizkuntzez eta istorioz beteko dira herriko kaleak. Ekimena, Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak, Udaleko Kultura Batzordeak eta Udal Liburutegiak antolatu dute elkarlanean.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Soraluzen euskaraz gain, beste hainbat hizkuntza hitz egiten dira; hala nola, gaztelania, galegoa, katalana, arabiera, amazigera, urdua, punjabiera, italiera, ingelesa, alemana... Eta, hain zuzen, datorren asteko ipuin-festak "aitortza" egin nahi dio hizkuntza aniztasun horri, "ipuinen balioa eta herritarren zein hizkuntz komunitateen arteko hartu-emanak sendotuz". 

Horrela, datorren zapatuan, lau kontalarik, hainbat hizkuntza eta jatorritako ipuinak kontatuko dituzte herriko hainbat txokotan eta horrez gain, herriko saltokien ipuin-liburu azoka eta liburutegi txokoa ere ezarriko dituzte. Antolatzaileek adierazi duten moduan, zapàtuan, "ipuinek kaleak hartuko dituzte", ekaintza guztia kalean izango baita.

Lau kontalari

"Ipuinek ez dute adinik, ezta mugarik ere", lelo horixe du aurtengo edizioak eta zapatuan herrian izango diren lau ipuin kontalariek, edozein adineko pertsonei zuzendutako ipuinak kontatuko dituzte, "entzulea gertuko zein urruneko txokoetara" eroanez.

Joan-etorriko istorioak, Larraitz Urruzola (EH-Galiza)

Larraitzek Euskal Herrian eta Galizian ezagututako istorioak partekatuko ditu, kosmobisio feminista duen joan-etorriko ibilaldi emozional batean, herri ipuinak, Rosalia de Castroren poemak eta bi nortasun kulturalen tradizioei buruzko gogoeta plazaratuta.

Món txicotet, ipuinak josten, Ester Poveda (EH-Valéncia)

Mundu osoan zehar bidaiatu ondoren, Esterrek hainbat kulturatako ipuinak eta elezaharrak ekartzen ditu bere historia hobeto ezagutzeko. Ipuin dantzatuak, ipuin kantatuak... haien artean josten diren ipuinak. 

Azeriaren kontuak, Tarana Karim (EH-Azerbaijan)

Azerbaijan eta inguruetan aspalditik ahoz aho kontatu diren ipuinak ekarriko ditu Taranak aurten ere. Bere jatorrizko lurraldeko ahozko kulturaren eta literaturaren zatitxo bat partekatuko ditu: pertsonaia bitxiak, istorioak, baloreak...

Inguru minguru, naturarekin bat, Ana Apika eta Intxixu Valbuena (EH)

Biodibertsitatea, biotopoa eta ingurumenaren zainketa gaitzat hartuta, Afrikan eta gure kostaldean kokatutako istorioen bidez biotopoa nola sortu eta zaindu daitekeen kontatuko dute. Ingurugiroa eta birziklapenari buruz arituko dira, musika, ipuinak eta kantak lagun.

Liburutegi txokoa eta ipuin azoka

Goizean zehar, haur zein helduentzako munduko ipuinak ikusi, irakurri edo erosteko aukera izango da Plaza Barrixan, 11:00etatik 14:00etara, liburutegi txokoan eta Iratxo eta Estankoa saltokiek ipiniko duten ipuin azokan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.