Herritarren partaidetza handia izango da egitarau bete-betea duten Mesedeetako jaietan

Ubane Madera Zangitu 2025ko ira. 16a, 17:36

Oinatze Silbeti, Onintza Elgeta eta Alaine Arruabarrena jai-batzordeko kideak jaietako kartelarekin, gaur, martitzena.

Bariku honetan hasi eta domekara arte, denetariko ekitaldiak izango dira Mesedeetako jaietan. Nabarmentzekoa da herritarrek izango duten partaidetza handia; adibidez, barikuan Urrats dantza taldeak eta Konbo Itxaropenak jardungo dute eta zapatuan Eloy Galanen Chico Infierno taldeak eta Trujen eta Estrujenak bikoteak. Horrez aparte, 25 bat auzotar ibiliko dira lanean.

Barikuan, txupinazoa jaurtitzeaz bat -18:00- Mesedeetako Jai Batzordeak prest izango ditu 50-60 bat litro txokolate auzoko jaien hasierara gerturatzen diren lehen bisitariei partitzeko.

Hortik aurrera, denetariko ekitaldiak izango dira Gipuzkoa etorbideko plazan. Nabarmentzekoa da, adibidez, herritarrek jaietan izango duten partaidetza handia.

“Urtero egon da Plaentxiakoren bat, dantza-taldea, musika jartzen, Kukumixo umeendako jolasekin, Trujen eta Estrujenak… aurten, gainera, umeen dantza-taldea ere sartu da barikuan eta bi musika talde ere izango dira herrikoak: Konbo Itxaropena eta Eloy Galan”, esplikatu dute Jai Batzordeko Oinatze Silbetik, Alaine Arruabarrenak eta Onintza Elgetak. “Uste dugu merezi duela, herrian musikariak, dantzariak… egonda, egin behar zaiela tartea. Eurendako ere da leku bat erakusteko zer egiten duten”, gaineratu dute.

Bokadiloak, pintxoak...

Osterantzean, txosna barikuan bertan zabalduko dute. Aurten, auzoko Asigor taberna itxita dagoela, aurreikusi dute lan handiagoa izango dutela eta buru-belarri ari dira lanean.

Esaterako, txosnako sukaldean bokadiloak izango dira -600 bat- eta bigarren urtez, goizean pintxoak ere bai: “Goizeko pintxoekin joan zen urtean hasi ginen, ezustean, janari piloa sobratu zelako. Baina aurten ya pentsatuta dago goizean pintxoak ipintzea. Bokadiloei dagokienez, egongo dira tortilla urdai azpikoarena eta txorizoarena, txorizo egosia eta solomoa eta hirugiharra bariante guztiekin. Ibiliko da Oskar plantxan eta Oinatze tortilletan. Eta taberna itxita dagoenez, txosnan umeendako txutxeak ere izango ditugu”.

Zezen mekanikoa

Musikaz aparteko ekitaldiei dagokienez, berritasun bat ere izango da, izan ere, toka, futbolina, musa, tutea, umeendako 3X3 futbitoa… arrakasta duten joko tradizionalekin batera, aurten zezen mekanikoa ere ekarriko dute zapatuan, “anbulantzia etorri beharko da!” diote barrez.

Zapatuko herri bazkarian, berriz, 140 lagun ingururendako paella izango da –txartelak salgai Belarrak eta Iratxo saltokietan-. Eta gaua musikaz beteta egongo da, Chico Infiernoren ondoren Fan&Go taldearen erromeria eta bukatzeko, Truken eta Estrujenak bikotearen saioa.

Domekari dagokionez, tortilla lehiaketarekin hasi, plaza dantzekin segi, tokan lehiatu eta aparretan bainatzeko aukera izango da. Jaiak agurtzeko, sariak banatu eta otarrainxka eta patata tortilla dastaketa egingo dute.  

25 bat lagun lanean

Ekainean hasi ziren Mesedeetako jaiak antolatzen. Oraingo jai-batzordeak, berriz, 3 urte daramatza zeregin horretan.

10 bat laguneko taldeak dihardu ekainetik, baina egunean bertan, txandak egiten, bokadiloak prestatzen eta abarrekoetan, 25 bat lagun ibiliko dira lanean. 14.000 euro inguruko aurrekontua dute jaiek, errifak saltzen, txosnaren bitartez eta Udalaren laguntzarekin batutakoak. Jai batzordeak gogorarazi du jaietan ere salgai izango direla errifak txosnan bertan eta eskertuko dute erostea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.