San Andresko haur-parke berriaren espazioa berregokitu egingo dute

Ubane Madera Zangitu 2025ko ira. 15a, 11:22

San Andresko haur parkea.

Udalbatzak egindako azkeneko osoko bilkuran, San Andresko haur-parke berria ere izan zuten hizpide zinegotziek. EAJ-PNVren galderei erantzunez, alkateak jakinarazi zuen jolas-parke berrian egindako menditxoak lekuz aldatuko dituztela, parkeak hartu duen esparrua murrizteko.

Joan den egueneko osoko bilkuraren amaieran, EAJ-PNVk, besteak beste, San Andresko haur-parke berriari buruzko kezka helarazi zion Udal Gobernuari, hainbat galdera eginez.

Eremu handiagoa hartu du

Batetik, proiektuari buruzko xehetasunak galdetu zituen Iker Aldazabal bozeramale jeltzaleak. Esplikatu zuenez haur-parke berriari buruzko gutxieneko informazioa badute, eta jakin badakite herri partaidetzako bi batzar egin dituztela. Hala ere, proiektuari berari buruzko xehetasun gehiago jakin nahiko lituzke oposizioak. Halaber, obren martxari buruz ere galdetu zuten, Aldazabalen esanetan, geldi baitaude.

Bestetik, oposizio buruak kezka helarazi zuen haur-parke berriak hartu duen esparruarengatik. “Bastante eremu hartu du eta nahiko genuke jakin ea horrek baldintzatu egin behar duen eremuari ematen zaion bestelako erabilpena” (zezentxoak eta udalekuetatik lotarako erabilpena).

Menditxoak lekuz aldatu

Aldazabali erantzunez, Unai Larreategi alkateak, batetik, esan zuen baietz, xehetasun gehiago nahi badituzte, haur-parkearen proiektua bera helaraziko diotela oposizioari.

Bestetik, esplikatu zuen haur-parke berriak hartu duen espazioa berregokitu egingo dutela eraiki dituzten menditxoak lekuz aldatuta, eta, horrekin, oraingo “eragin/afekzioa murriztu” egingo dela “dezente”.

Alkateak emandako azalpenen arabera, erabaki zen “haur-parke berriak garai batean okupatzen zuen espazioa” hartuko zuela. Gaineratu zuenez, “egia da ipini dituzten menditxoekin desbordatu egin dela”. Hori ikusita, orain, “planteamendua da menditxoak lekuz aldatuko dituztela eta bestelako eragin/afekzio hori murriztu egingo da dezente”. Leku aldaketa hori datozen asteotan egingo dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.