Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak gogorarazi du borondatezko familia-harrerak aldi baterako edo mugarik gabeko etxea eskaintzen diela arrisku-egoeren edo babesgabetasun-egoeren ondorioz jatorrizko familiarekin bizi ezin diren haur eta nerabeei: "Haien helburua da familia hauetan egonkortasuna eta ongizatea izatea, afektua eman eta beren beharrak asetzea. Harrera-familia izateak esan nahi du, modu altruistan, adingabea etxeko beste kide bat bezala integratzea, eta haren garapen emozionala, fisikoa eta soziala bermatzea, administrazioarekin lankidetzan. Ez da adopzio bat, ezta adopzioaren aurreko urrats bat ere, adingabe bakoitzaren historia errespetatzen duen babes-neurri bat baizik, eta, onuragarria denean, familia biologikoarekin harremana mantentzea ahalbidetzen duena".
Edozein izan daiteke familia
Xehetasunen arabera, hiru harrera-modalitate daude: urgentziazkoa, gehienez sei hilabeteko iraupenarekin, berehalako ebaluazioa behar duten egoeretara zuzendua; aldi baterakoa, bi urtera artekoa, jatorrizko familiak sendatzeko aukera duten adingabeentzat; eta iraunkorra, epe laburrean itzulerarik aurreikusten ez denean. Adin-nagusitasunera iristean, elkarbizitzak aurrera egin dezake bi aldeek hala nahi badute, helduarorako trantsizioan lagunduta.
Azpimarratu dute edozein izan daitekeela harrera-familia, “haren tamaina edo egitura edozein izanda ere” (…) "Berdin dio bakarrik bizi bazara edo zure etxean bi, hiru, lau edo bost pertsona bazarete. Garrantzitsuena da bakarrik dagoen haurrik ez izatea”.
Interesa duten familien lehen kontaktua errazteko, Familia guztiak izan daitezke harrera-familia zeneko sentsibilizazio kanpaina abiarazi du Diputazioak, zuzeneko telefono zenbaki eta guzti: 682 554 433. "Kanpaina honekin, Gipuzkoako familiak animatu nahi izan ditugu pausoa ematera eta behar dutenei etxea eskaintzera", amaitu du Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak.
Peña Diputatuak nabarmendu zuenez, "harrera-familiak Gipuzkoako balio onenen eredu dira: etxeko ateak irekitzen dizkiete behar duten haur eta nerabeei. Komunitate solidario eta arduratsua gara, pertsona ahulenak babesteko antolatzen dena. Haurren ongizatea bermatzea da gure lehentasuna".