0 KM KOMERTZIOAK

Eskubaloiak Soraluzen izan zuen indarra argazkitan

Ubane Madera Zangitu 2025ko ira. 10a, 10:16

Iraila bukatu arte, eskubaloiarekin lotutako argazki-erakusketa ikusgai izango da Edurtza tabernan. 1970-80ko hamarkadan, kirol horrek indar handia izan zuen herrian, eta maila altuko jokalariak izan ziren. Bada, horren erakusle diren erretratuak ikus daitezke Edurtzan. Luis Ariznabarreta tabernariak esplikatu duenez, Gotzon Elizburuk lagatakoak dira.

1970-1980ko hamarkadan, Soraluzeko neska-mutiko askok eskubaloian jokatzen zuten, bai herrian bertan eta baita Eibarren ere. Domeketan, mezetatik irten eta 12:15 inguruan izaten ziren partidak, ikuslez beteta egoten zen frontoian. Eibarrera ere joaten ziren soraluzetarrak haien kontra jokatzera. Han, Untzagan jokatzen zzuten.

Luis Ariznabarreta Edurtza tabernako ugazabak kontatu duenez, orduan, futbolak ez zuen horrenbesteko indarrik herrian. Sorak ez zuen futbol zelairik bertan, eta, Mendarora joan behar izaten zuten partidak jokatzera. Herrian, berriz, eskubaloi ekipoak eta partidak ziren errege.

Aurkezpena Zeletako ur-depositoan

Ariznabarretak gogoan du Sora eskubaloi taldearen aurkezpena egiten zutela Zeletako ur-depositoaren berdegunean; gogoan du, baita ere, norberaren arropak norberak erosten zituela, “kamisetaren zenbakia Santa Ana Kirolak dendan egin eta gero josi”, gaineratu du. Kontatu duenez, eurek Gotzon Elizburu zuten  entrenatzaile, eta, domeketako partiden amaieran, hark zozketa egiten zuen jokalarien artean, Mendarora Soraren futbol partidua ikustera berarekin joateko.

Halako oroitzapenak dituzte gordeta Edurtza tabernan ikusgai dauden 15 bat argazkiek. Bertan azaltzen dira, adibidez, Luis Ariznabarreta bera, Jesus Juan Benito, Gotzon Elizburu, Oskar Gabilondo, Migel Bedaio, Aitor Ormazabal, Bobbie, Arrate, Marimar Urrutia, Ramonita Pardo, Gurutze Benito… Hilabetez ikusgai izango dira.

Ariznabarretak azaldu duenez, asmoa du aurrerantzean, Soraluzen izandako kirol batekin lotutako argazki erakusketa jartzeko tabernan urtean behin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.