Israelekiko harremanak eten ditzatela eskatu diete erakundeei

Egoitz Unamuno 2025ko ira. 6a, 09:14

Atzo arratsaldean, ehun herritar baino gehiago batu ziren Plaza Berrian lapikoekin zarata atereaz genozidioa salatu eta instituzioei Israelekiko harremanak "berehala" eten ditzaten eskatzeko. Herritarrekin batera, EH Bildu eta EAJko udal-ordezkariak ere izan ziren elkarretaratzean. 

Gernika Palestina herritar mugimenduak Euskal Herri osoan egindako deialdiarekin bat eginez, atzo arratsaldean ehun herritar baino gehiago batu ziren Plaza Berrian "Genozidioa stop! Israelekin hautsi berehala. Elkartasuna" lemapean. Protestak ordu erdi inguru iraun zuen. Lehenengo hogei minutuetan herritarren lapikoak astindu eta txifloak jo zituzten indartsu eta ostean, lau herritarrek bi idatzi irakurri zituzten. 

Lehenik irakurri zuten testua Estitxu Fernandez kazetari eta idazle ezagunak idatzitakoa izan zen eta bertan, gogoan zituen Gazako kazetariak eta herritarrak orohar eta bereziki, haurdun dauden emakumeak eta euren umeak: "Eta pentsatzen dut emakume haurdunengan, sabelari helduta desesperazio hori...  Jaiotzear ziren umeengan, sutan zegoen likido amniotikoan belarriak esku ttikiekin topatzen, begiak ixten, tormentuaren ohiua itotzen... Pentsatzen dut sekula jaioko ez diren umeengan, genozidioaren biktima ezikusiak... Eta jaiotzea lortu duten jaioberrien sufrimenduan, zintzurra urratzen garrasi ozenez mundu mendebaldarraren belarrietara... Pentsatzen dut ume ttikiengan: hezur-azal ezin biziraun...". Azkenik, Genozidioa amaitzeko eskaria: "Gernikaren Euskal Herritik Palestinara doa gure ohiua: Nahikoa da! Genozidioari ez!". 

Irakurri zuten bigarren testua, berriz, Rafael Araya palestinar diputatu eta diasporako kidearena izan zen, Argentinako Buenos Airestik helarazia. Bertan, Arayak bere eskerrona adierazi zion euskal herriari eta Gernika-Palestina ekimenari eta Israel "75 urtean" Gazan burutzen diharduen okupazioa salatu zuen, Ipar Amerikako Estatu Batuen papera gaitzetsiz: "Garbiketa etnikoa eta apartheida inspiratzen eta motibatzen duten anbizioa da Mendebaldeko Asiarako atean, Palestinan, proiektu koloniala gauzatzeko asentamentuak ezartzea eta anbizio horrek estatu okupatzailea Ipar Amerikako itsas armada inperialistaren portabio handiena bihurtu du". Idatzian, palestinarren "antzinako" eta lur haietako "jatorrizko" herriak bertan bizitzeko duen eskubidea aldarrikatu zuen, "justifikazio zerutiarra" eta "Jaingoikoa agente inmobiliario moduan eta Biblia jabetza titulu gisa" erabilita herri bat sarraskitu eta lurrak ohostu nahi dizkietenen aurrean.  

Amaitzeko, Yallah Soraluze herritar sareko kideak gogorarazi zuen atzokoa ekitaldi "txikia" izan arren, "munduan beste milioika lagunek" dihardutela mobilizatzen "gorbernuei eskatzeko Israelekiko neurri zorrotzagoak har ditzaten, genozidioa amaitu dadin". Plazara hurreratu ziren herritarrei eskerrak ematearekin batera, dei egin zieten Yallah Soraluze sarean parte hartu eta laguntzera, etorkizunean ere "elkarrekin" antzeko mobilizazio eta ekimenak antolatzen jarraitu ahal izateko. Ekitaldiaren amaieran, lau herritarrek eman zuten izena Soraluzeko elkartasun sarean.   

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.