GERTAKARIA

Gazteen arteko borroka

Ubane Madera Zangitu 2025ko ira. 5a, 14:47

Atzo iluntzean borroka izan zen skate parkean. Lekuko batek kontatu duenez, bi gazte elkar joka ibili ziren, “ukabilkadak eta guzti” emanez. Inguruan, berriz, gazte mordoxka bat zegoen begira, “bazirudien antolatutako zerbait zela”, dio. Gaineratu duenez, Udaltzaingoa zein Ertzaintza bertaratu zen, baina poliziaren esanetan, ordurako dena zegoen bukatuta. Lekukoak kezka erakutsi du gertatutakoaz, “umeak ibiltzen dira han eta halakoak ikusten eta normalizatzen hasten badira… Oso kezkatuta gelditu ginen”.

Atzo, 19:15-19:30ak inguruan izan ziren gertakariak. Lekukoak kontatu duenez, Gaztelupe ingurutik ikusi zuten zerbait pasatzen ari zela U-an (skate gunean), eta, ikusi zuten bi gazte elkarri kolpeka eta 12-22 urte bitarteko gazte mordoa begira, zirkulua eginda. Esandakoaren arabera, gazteetako bat Soraluzekoa zen “baina besteak kanpokoak ziren eta itxura zuen borroka antolatutako zerbait zela, eta, ez zela lehen aldia”.

Udaltzaingoa eta Ertzaintza ere bertaratu ziren, baina esan dutenez, ordurako dena zegoen bukatuta eta eurek ez zuten borrokarik ikusi.

Lekukoak, berriz, gertatutakoari buruzko kezka mahai-gaineratu du: “Oso kezkagarria da ze umeak han ibiltzen dira jolasten eta halakoak normalizatzen hasten badira… bestalde, atzo euren artean ibili ziren borrokan baina bihar agian ingurukoak jipoitzen ere has daitezke. Eta atzo, ez zen beste ezer gertatu, baina hurrengoan akaso bai. Oso kezkatuta gelditu gara. Mara bat zirudien”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.