Gaur, urduri hasi dute askok eguna, ikastetxeetara bueltatu baitira udako opor luzeen ondoren. Plaentxi Eskolan 300 ikasle inguru matrikulatu dira. Haur Hezkuntzako maila guztietan gela bat dute eta, aurten sartu den kinta berrian, berriz, bi gela, 33 ume.
Irakasleei dagokienez, 42rekin hasi dute ikasturtea, baina gehiago espero dituzte, errefortzuetarakoak. Eskolako zuzendariak esplikatu duenez, klaustrokideen laurden bat-edo berria da. Zentzu horretan, esan du urtetik urtera murrizten doala berrien kopuru hori, Soraluzeko eskolan plaza finkoa duten irakasleen kopurua handitu egin baita.
Soraluzeko zuzendaria eskolan
Osterantzean, bi berritasunekin abiatu dute ikasturtea eskolan. Batetik, zuzendaritza talde berriarekin: Eider Varela soraluzetarra da zuzendaria, Ane Arronategi eibartarra ikasketa-burua eta Argia Etxaburu ondarrutarra idazkaria. Bestetik, irisgarritasuna bermatzeko obren baitan, eskolarako eta jantokirako sarrera berriak, zuzendaritza gela berria eta, bukatzen dutenean, igogailu berria izango ditu eskolak, besteak beste.
Hain zuzen, igogailuko obrek eraginda, datozen 15 egunotan, sarrera bakarra izango dute eskolan, sarrera nagusia. Sarrera modu antolatuan bermatzeko, gelaka bideratuko dituzte umeak.
Institutuan ia 200 ikasle
Soraluze BHI Institutuari dagokionez, 190 bat ikasle hartu dituzte gaur, 10:00etan sartu dira 1. eta 2. DBHkoak eta 11:00etan, 2. eta 4. DBHkoak. 34 irakasle dira, 17 berriak. Asko dira, hala ere, iaz baino gutxiago.
Bestalde, zuzendaritzatik esan dutenez, irailean 6 ikasle berri etorri zaizkie, “asko” , ikasturtea planifikatuta egonda, orain ezin dutela aparteko laguntasunik eskatu eta birplanifatu egin beharko dutelako.