Erakusketa berria Itxaropenan eta datorren astetik aurrera normaltasuna

Ubane Madera Zangitu 2025ko ira. 5a, 08:41

Erakusketa berria Itxaropena elkartean, martitzenean.

Iraila hasteaz bat, argazki erakusketa berria ipini dute Itxaropenako tabernan, aurten Chillida Lekura egindako txangoan ateratako argazkiekin osatutakoa. Iraila osoan izango da ikusgai. Bestalde, astelehenean hasiko da Itxaropena Erretiratuen Elkarteko zuzendaritza lanean eta horrenbestez, datorren astean bueltatuko dira normaltasunera.  

Opor osterako, bi irteera dituzte antolatuta Itxaropenan eta biak ala biak beteta daude oporren aurretik. Irailaren 29an, Donemiliagara joango dira egun pasa. Yusoko monasterioa eta David Moreno upategia bisitatuko dituzte. 

Urrian, berriz, Toledora joango dira hiru egunerako. Han, Puy du Fou Historian oinarritutako parke tematikora joango dira, arratsalde-gauean bisita egin eta Torrijosera bueltatuko dira. Irteera borobiltzeko, gosariaren ondoren, denbora librea lagako dute Toledo bisitatu edo erosketak egiteko eta bazkalostean bueltatuko dira Soraluzera, urriaren 17an.

Azkenik, irailean, podologoa 16an eta 23an izango da elkartean zerbitzua ematen. Hitzordua har daiteke martitzenetan eta eguenetan, 11:00etatik 12:00ak bitartean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.