Pozik ikusten ziren Haurreskolan zeuden umeak 2025-2026 ikasturteko lehen eguna duten honetan. 0-1 urte bitarteko 2 umerekin eta 1-2 urte bitarteko beste 8 umerekin ekin diote ikasturte berriari Maite Ernabide, Lorea Zurutuza eta Idoia Gonzalez hezitzaileek, egokitzapen fasean.
Esan dutenez, hasteko, 10 umeko kopurua “oso ondo” dago, dena den, gogorarazi dute hilero, hileko lehen 10 egunetan dagoela aukera Haurreskolan matrikulatzeko. Une honetan, beste 11 umerendako lekua dute, 0-1 urte bitartean 6 umerendako eta 1-2 urte bitartean 5 umerendako. Matrikula online egin daiteke zein Haurreskolara bertaratuta (943 75 13 32). Astelehenetik barikura, 07:30etik 16:00ak arte egoten dira bertan.
Eskola eta Institutua
Herriko beste bi ikastetxeei dagokienez, biek ala biek bihar hasiko dute ikasturtea umeekin, izan ere, irakasleek dagoeneko hasita dute. 10:00etan sartuko dira Plaentxi Eskolako umeak eta 11:00etan Institutukoak. Eskolakoen kasuan, igogailu berriaren obrak bukatzeke daude oraindik, beraz, guztiak ate nagusitik sartu beharko dira.