Karidadeko salda, musika, dantza eta bisitari berria zapatuko San Martzialgo jaietan

Ubane Madera Zangitu 2025ko ira. 4a, 08:36

Hainbat herritar dantzan San Martzialen.

Aurten, San Martzialgo jaietako tradiziozko Karidadeko salda banatzea bestelako ekitaldiz jantziko dute zapatuan ospatuko dituzten jaietan. Eguerdi partean “dantza-plaza librea” izango da, Urrats bueltako dantzazaleek, txistulariek eta arrabitariek girotuta. Eta bisitari berria ere izango da: Zelemeterio.

Azken bi urteotan, tradiziozko Karidadeko salda partituz ospatu dituzte San Martzialgo jaiak. Aurten, berriz, berritasunak batu zaizkio hari, eguerdi partean musika, dantza, jan-edana eta bisitari berezia izango baitira San Martzialen.

Zapatuan, goizago hasiko da eguna San Martzialen, 05:00etan hasiko baitira Karidadeko salda prestatzen eta 09:30ean hasiko dira hura banatzen ermitaren estalpera gerturatzen direnei.

Eguerdian, berriz, bisitari berria azalduko da auzoan: Zelemeterio. Auzoko San Emeterio eta San Zeledonio zaindarien batuketatik izena hartu duen pertsonaia ezagutaraziko dute. 12:00etarako iragarri dute haren etorrera.

Dantzarako errepertorio osatua

Eta segidan, musikak eta dantzak hartuko dute auzoko plaza. Musikari jardungo dute herriko txistulariek eta bailarako arrabitariek. Domentx Uzinek konposatutako Ezozia fandango eta arin-arina, Lantzeko zortzikoa, Polka borobila, Ball Rodó eta Menarhens, Mariana eta Plazentziatarra jauziak, Banakoa… Errepertorio osatua dute gertu jendea dantzan jartzeko. Eta plazako giroa animatzeko, Urrats Dantza Taldeak dei egin die herriko dantzazaleei bertaratu daitezen. 

Azkenik, goiz-eguerdia borobiltzeko, 14:00etan elkarrekin bazkalduko dute lagunek eta parte-hartzaileek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.