Udako oporrak bukatuta, atzera ere obretan dira Ezozibide auzoan. Egunotan, auzoaren beheko aldapan dabiltza lanean, amaierako arrapala eraikitzen. Hortik aparte, zati horretako lanak bukatzeko gutxi falta dela jakinarazi dute Artzamendi enpresako langileek, aglomeratua, baldosak eta argiteria jarri, eta, bukatzeko, errepidea zolatu.
Auzoaren goiko parteari dagokionez, han, parkeko lanak daude bukatzeko eta gero baldosak jarriko dituzte. Osterantzekoa eginda dago. Besteak beste, espaloia zaharberritu egin dute, baldosa berriak jarri eta eskailerak txikitu. Horrez aparte, batetik bestera jardinerak jarri dituzte, esplikatutakoaren arabera, autoak etxe aurreetan aparkatzea galarazteko. Azkenik, errepideari dagokionez, lehen ez zeuden bi errebuelta sortu dituzte, autoen abiadura motelarazteko.
Hori bai, errebuelta berriak eta haien ondoko oinezkoen eremu berriak daude errepidearen maila berera jarrita, eta, asteotan ikusi denez, hainbatek errebueltaren oinezkoen espazioa baliatzen dute aparkaleku modura. Artzamenditik esan dutenez, hori saihesteko oztoporen bat jarri beharko dute eta oinezkoen esparrua babestu.