Gaur, astelehena, makinak ibaira ailegatzeko bidea prestatzen hasi dira Olean. Pareta bota, sastrakak kendu eta ibaira jaisteko arrapala sortuko dute ibaian lan egin ahal izateko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako proiektuaren arabera, Oleako presa partzialki eraitsiko dute. Infografiak erakusten duen modura, Oleako zubitik Txurrukenerantz begiratuz, presaren ezkerreko aldea, bidegorritik gertuago dagoena bota egingo dute, zubiaren zutabe parean hasita. Eta eskumako zatia bere horretan lagako dute. Estribuak mantendu egingo dituzte, hormak ez kaltetzeko.
Diputazioaren proiektuaren arabera, “Oleari dagokionez, iragazkortzeko aukerarik onena hura partzialki eraistea da, arrain-espezieak pasatzeko eta altxatzeko baldintzarik onenak eskaintzen baititu, eta ingurunea naturalizatzeko aukera ematen baitu. Horiek eraisteak ez die eragiten inguruko egiturei”.
Oleakoa ubidearekiko perpendikularra den arku itxurako presa da, 37 metro luze da eta 4,3 metro altu; gailurrean, berriz, 1,3 metro zabal da.
Zuloagakoa
Zuloagako presari dagokionez, berriz, hura osorik botako dute; zehatz esanda, ez da presa bat, hodi zahar baten hormigoizko babesa baizik. Diputazioaren proiektuaren arabera, “iragazkortzeko aukerarik onena eraispen osoa da, arrain-espeziendako pasabide eta erremonte baldintza onenak eskaintzen baititu, ingurunearen naturalizazioa ahalbidetzeaz gain. Zuloaga eraisteak ez du inolako afekziorik ingurunean dauden egituretan”.
Zuloagako presa zuzena da, 30 metro luze eta 0,6 metro baino baxuagoa.
Aurreikuspena da bi presetako obrak, gehien jota, sei hilabetean bukatuko dituztela eta aurrekontu totala da 141.221,05 euro.