Mundu osoko hedabideek, tartean Pil-pileanek, bat egin dute Gazako kazetarien hilketak salatzeko ekintza globalarekin

Erredakzioa 2025ko ira. 1a, 13:57

Gaur eguerdian, Pil-pilean herri komunikabideko erredakzioko kideak.

Gaur, astelehena, 50 herrialdetako 200 komunikabidek baino gehiagok bat egin dute Mugarik Gabeko Erreportariek (RSF) eta Avaaz herritar mugimenduak bultzatu duten mobilizazio globalarekin, salatzeko Israelgo armadak kazetari palestinarren aurka inpunitate osoz egindako krimenak" eta eskatzeko utz diezaiotela nazioarteko prentsari oztoporik gabe sartzen.

"Israelgo Armadak erritmo horretan kazetariak hiltzen jarraitzen badu, laster ez da bakar bat ere geratuko Gazan zuri informazioa emateko", hori da RSFk hedabideei argitaratzea proposatu dien mezua.

Gainera, hedabideetako langileak eta beren ordezkaritza-organoak minutu bateko isilunea egitera deitu dituzte astelehen eguerdian egoitzetako ateetan edo erredakzioetan. 

Izan ere, azken hilabeteetan Israelgo armadak gutxienez 250 kazetari hil ditu Gazan, beste edozein gerratan baino gehiago.

Pil-pilean herri komunikabideak bat egin du nazioarteko ekintzarekin eta aipatutako mezua bistaratuko du Plaentxia.eus webgunean banner eran. 

Mundu osoko ehunka hedabide

Mundu osoan zehar ehunka hedabidek bat egin dute eskala handiko ekintza globalarekin: Euskal Herrian EITBk, estatuan RTVEk, 'El País', EFEk, Prensa Ibericak, La Sextak, 'ElDiario.es' -ek, 'Público' -k, EFE agentziak, InfoLibrek, El Saltok eta beste hainbatek eta nazioartean ere hainbat komunikabide dira ekimenarekin bat egin dutenak, besteak beste, Local Call (Israel/Palestina), Al Jazeera (Qatar); 'The Independent' (Erresuma Batua); Mediapart (Frantzia); 'Der Frietag' (Alemania); 'Le Soir' (Belgika); 'La Libre Belgique' (Belgika); New Bloom (Taiwan); Photon Media (Hong Kong); 'Media Today' (Hego Korea); 'Il Dubbio' (Italia); Agencia Pública (Brasil); 'Le Desk' (Maroko) eta 'Semanario Brecha' (Uruguai).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.