Baltegieta 10 atariko bizilagunak kontatu duenez, atzo 14:00ak aldera, gizonezko ezezagun bat ikusi zuten atari inguruan, maletatxo batekin. Elkarri begira geratu eta biak ala biak joan egin ziren. Baina geroxeago, 17:00etan, ikusi zuten portaleko atea zabalik zegoela, orduan jabetu ziren atearen sarraila apurtuta zegoela eta atariko argia piztuta. Barrura sartzean, taladro baten barautsa topatu zuten lurrean. Atari barruan ez dute bestelako kalterik sumatu, ezta bertako etxebizitzetan ere.
Gertatutakoa ikusita, bizilagunak ez daki lapurreta edo okupazio saiakera izan den. Dioenez, lapurreta balitz, ez legoke zertan sarrailaren bonbina ukitu, atea zabalik baitzegoen. Eta horri gehitu behar zaio goiko etxebizitza salgai dagoela.
Kontuak kontu, gaur goizean salaketa jarri du polizia-etxean. Segurtasun sailetik esan dutenez, salaketa jaso dute eta eurak gertatutakoa ikertzen eta gizonezkoaren bila ari dira. Bizilagunaren arabera, 40 urte inguruko gizonezkoa da, bizar ule-gorriduna.