Gainditu du karga-proba eta laster oinezkoen pasoa zabalduko dute

Ubane Madera Zangitu 2025ko abu. 13a, 09:01

Atzo, martitzena, karga-proba egin zuten Gabolatseko zubian. Oinezkoen gunean 12 piszina ipini zituzten eta ibilgailuenean, berriz, bi kamioi. 10:00k inguruan hasi zuten proba eta 13:00ak inguruan bukatu eta zubiak ondo erantzun zion jarritako pisuari. Obrak martxa onean doaz eta URA Agentziako obra-zuzendariak esandakoaren arabera, oinezkoen pasoa bukatu ahala zabalduko dute, nahiz eta obra osoa guztiz bukatu barik egon.

Atzoko karga-proba egiteko, lau enpresatako adituak bertaratu ziren Gabolatseko zubira: URA Agentzia, Intec, Sestra eta Moyua. 10:00ak inguruan hasi ziren probarekin eta 13:00ak inguruan bukatu zuten.

Zubi berriari hiru karga-eskaloi jarri zizkioten. URA Agentziako Pablo Murga obra-zuzendariak esplikatu zuenez, karga-eskaloi bakoitzarekin, zubiko 9 puntutan neurketak egin zituzten eta haien emaitzak teoriak dioenarekin konparatu, bestela esanda, zubia zenbat jaisten den eta kargak kendu ondoren, zenbat berreskuratzen duen neurtu.

Piszinak eta kamioiak

Hain justu, oinezkoen esparruan, urez betetako 12 piszina jarri zituzten. Guztira, 15.000 litro ur. Bakarrik piszinak jarrita zeudela, Intec enpresako topografoak 10 minutuz neurtu zuen zubiaren erreakzioa, Sestraren aholkulari teknikoen asistentziarekin.

Segidan, nahikoa maniobra eginda, lehen kamioia sartu zuten ibilgailuen gunera, 26 tonakoa. Hura beste 10 minutuz izan zuten bertan eta zubiaren erreakzioa neurtu. 10 minutuak pasatutakoan, bigarren kamioia sartu zuten, beste 26 tonakoa, eta, gauza bera egin zuten, bi kamioiak 10 minutuz bertan zirela neurketa berriak egin zituzten.

Proba gaindituta

Behin ikusi zutenean guztira zenbat jaitsi zen zubia, kontrako prozedura egin zuten, hau da, lehenengo kamioi bat atera zuten eta zubia zenbat igotzen zen konprobatu. Gero, bigarren kamioia atera eta gauza bera egin zuten eta azkenean, piszinak hustu eta neurketa berbera egin zuten.

Emaitzaren arabera, Gabolatseko zubi berriak gainditu egin du karga-proba. Gainera, obrak martxa onean doaz, batik bat oinezkoen pasokoak. Atzo azken galtzada-harriak jartzen zebiltzan.

Oinezkoen pasoa zabaltzear

Gauzak horrela, URA Agentziako Murga zuzendariak esandakoaren arabera, oinezkoen pasoko lanak bukatu ahala zabaldu egingo dute hura, herritarrek orain arteko buelta ematen segi ez dezaten. Xehetasunen arabera, datozen egunotan zabalduko dute. Aldi berean, ibilgailuen pasabideko lanak egiten bukatuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.