1921ean indusi zuten lehen aldiz Pagobedeinkatuko tumulua Aranzadik, Egurenek eta Barandiaranek. Haren egitura baieztatu egin zuten dolmen bezala, baina material aldetik apenas ez zuten ezer aurkitu.
Izan ere, haiek etorri aurretik tumulua arpilatu egin zuten, sakeatu, bertan urrea zegoela uste zelako. Horren ondorioz, aurkitu zuten egitura suntsituta eta ez zuten lortu bestelako informaziorik.
Egitura, piezak eta lurrak
Bada, hain justu, asteotan Pagobedeinkatun egiten ari diren indusketen helburua da, besteak beste, gaur egungo teknika berriagoak baliatuta, tumuluaren egitura hobeto dokumentatzea, Jesus Tapia Aranzadiko arkeologoak adierazi duen moduan.
Horrekin batera, hil-kameraren kokagunea kontu handiagoarekin industen ari dira, bertan egon daitezkeen piezak aurkitzeko eta haien bitartez, gure arbasoen bizimoduaren eta dolmenen korrelazioaren gaineko xehetasunak dokumentatzeko.
Gainera, Pagobedeinkatuko hil-kamera desagertuta dagoen arren, zenbait aztarna topatuz gero, haren neurriak, orientazioa eta diseinua ezagutu dezakete eta tumulu barruko lur fosilizatuak topatuz gero, berriz, Karbono 14ko froga ere egin dezakete.
Aranzadiko arkeologoak jakinarazi duenez, aurten, momentuz, suharri zati batzuk topatu dituzte Pagobedeinkatun, Bizkaiko edo Hendaiako flyshekoak diruditenak, eta, esplikatu duenez, pieza horiek aurkitzea oso baliagarria da berreraiketa orokor bat egiteko, hau da, populazioen arteko harremanak zehazteko.
Baina gainera, industen ari diren esparrua basaltokoa denez, hezur hondakinak aurkitzeko aukera handiagoa dela ere esplikatu du arkeologoak.
Leku bizia
Aurten, Aranzadiko hiru aditu ari dira indusketak egiten, Jesus Tapiarekin batera (Astigarraga, 1973) Izaskun Egilegor historialari, irakasle eta aditua (Tolosa, 1996) eta Txuma Costas (Donostia, 1952) Aranzadiko boluntarioa. Tarteka bizpahiru lagunen laguntasuna ere izaten ari dira.
Pagobedeinkatuk balio arkeologikoa izateaz aparte, Izaskun Egilegor historialariak azpimarratu du kokaguneak historian zehar bizitasuna izan duela eta oraindik ere halaxe dela, besteak beste, bere toponimoak adierazten duen moduan.
Ekainean hasi ziren aurtengo indusketak egiten eta uztailean segitu zuten, baina administrazio kontuak batetik eta eguraldi kontuak bestetik, bestetan baino beranduago ari dira bertan lanean. Kontuak kontu, aurreikuspena da aste honetan bukatuko dutela aurtengo kanpaina.
13 urte Dolmenen Ibilbidean
2012tik ari dira Dolmenen Ibilbidean lanean Aranzadi Zientzia elkartearen eskutik. Manu Zeberioren gidaritzapean hasi ziren, Jesus Tapiak lagunduta, eta, 2016etik Jesus Tapia arkeologoaren zuzendaritzapean dihardute.
Dolmenen Ibilbideko indusketak Debegesak finantzatzen ditu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu.
Urtean, kokagune bat industeko proiektua aurkezten du Aranzadi Zientzia Elkarteak. Hala, datorren urterako Aranzadi elkartearen asmoa da Keixeta Egia Iparrako dolmena industea