Luze egin bada ere, Gabolatseko zubi berriaren obrak azken txanpan sartu dira. Dagoeneko asfaltatu dute ibilgailuendako zubiaren zatia, eta, zubiaren oinezkoen zatian galtzada-harriak ere jarrita daude.
Herenegun, berriz, SAPAko eraikinaren sarrerako galtzada-harriak jartzen zebiltzan eta datozen egunotan, horrez gain baranda zatiak ere ipiniko dituzte. Gero, baranda berde kolorez margotuko dute eta urari pasabidea zabalduko diote.
Karga-proba
Datorren martitzenean, berriz, zubiaren karga-proba egingo dute. Obra buruak esandakoaren arabera, horretarako, ibilgailuen aldean bi kamioi jarriko dituzte, eta, oinezkoen aldean, berriz, plastikozko bi piszina. Hortik aurrera, erremateak besterik ez dira faltako dena bukatzeko. Aurreikuspena da hiru aste barru dena bukatuta egotea.
Dena den, horrek ez du esan nahi zubia berehala zabalduko dutenik. Fabio Dias obra buruak esplikatu duenez, zubia zabaltzea ez dago enpresa eraikitzailearen esku, goragokoen esku, baizik.
Ildo horretan, gogorarazi du oraindik ezin dela zubitik pasatu, nahiz eta jakinean dauden bat baino gehiago pasatu dela bertatik. Diasek azpimarratu duenez, obra bukatu barik egonda, zubira sartzen den norbaiti zerbait gertatuz gero, etxe aseguratzailea ez litzateke kargu egingo.