Atzo deklaratu zuten joan den asteko gertakariengatik

Ubane Madera Zangitu 2025ko uzt. 23a, 18:31

Atzo, martitzena, Soraluzeko bi udaltzainek Eibarko epaitegian deklaratu zuten, joan den astean izandako gertakarien harira. Eguen gauean, ustez gizon bat herritarren kontra gauzak botatzen eta zirikatzen zebilela-eta, hainbat gaztek jipoitu egin zuten. Udaltzaingoaren arabera, hurrengo egunean, gizona gazteen bila ibili eta bat jo egin zuen makulu bat jaurtita. Horren ondoren, gizona atxilotuta eraman zuten eta atzo epaiketa azkarra izan zuen. Ikusmira handia eragin zuten barikuko liskarrek.

Joan den barikuan, Zubi Nagusian ikusmira handia izan zen, oihuka eta zenbait gazteren eta Udaltzaingoaren kontra zebilen gizonezko baten harira. Ertzaintzari ere abisatu zioten. Bitartean, Udaltzaingoak gizona atxilotu eta Ertzaintzak haiek atxilotuta eraman zuten gizonezkoa, atzo izan zuen epaiketa azkarra eta libre da.

Udaltzaingoak kontatutakoaren arabera, bezperan, eguen gauean izan ziren lehen istiluak. Eurek jasotako lekukotzen arabera, gizon bat freskagarri latak eta bestelakoak herritarren kontra botatzen eta zirikatzen ibili zen, lekukoen esanetan, mozkortuta edo drogen eraginpean zegoela zirudien. Eta gaze batzuek gizona jipoitu egin zuten. Horren ondoren hura etxera joan eta ustez kutxilo batekin jaitsi zen berriro. Hurrengo egunean, 12 zentimetroko kutxilo bat azaldu zen komun publikoen eskaileretan.

Xehetasunen arabera, barikuan, 13:30ak inguruan, Udaltzaingoan abisua jaso zuten esanez makulu bat zeraman gizonezko bat bezperako gazteen bila zebilela, oldarkor, mendeku bila. Gazteak Gaztelupeko terrazan zeuden eta Udaltzaingoa gizonezkoa gerarazten ahalegindu zen arren, hark iskin egin eta makulua gazteen kontra jaurti zuen, euretako bat joz.

Horren aurrean, Udaltzaingoak Ertzaintzari deitu zion, gizonezkoa kiroldegiko pasealekuan erretenitzen zuen bitartean. Lurrean etzanarazi, gainean jarri eta eskuburdinak ipini behar izan zizkioten, udaltzainekin ere oldartu baitzen. Eta kolpea jaso zuen gaztearen lagunak ere inguratu ziren. Haiek ere eutsi behar izan zituzten udaltzainek gizonaren kontra joan ez zitezen.

Azkenean, iritsi zen Ertzaintza eta gizonezkoa eraman egin zuten, eta, esandako moduan, atzo, martitzena, epaiketa azkarra izan zuen Eibarko epaitegian. Bertan izan ziren Soraluzeko bi udaltzainak ere gertatutakoaren lekukotza ematen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.