Soraluzeko jaiak 2025

Garazi Urkola (Go!azen): "Abesti batzuetan batzuek aukera izango dute eszenatokira igo eta abesti batzuk gurekin batera abesteko"

Ubane Madera Zangitu 2025ko uzt. 23a, 16:00

Garazi Urkola (Villabona-Amasa, 1998), Oihane da Go!azen 11. denboraldian. Soraluzen izango da etzi, barikua, Plaza Zaharrean, Go!azenen karaokean. 18:00etan hasiko da ikuskizuna eta umeen zein gurasoen partaidetza beharko dutela iragarri dute.

Zein lagunekin etorriko zara?

Kimetz Etxaberekin eta Irati Marinekin, Go!azenen Gontzal eta Izar. Karaokeak hiruron artean egiten ditugu gehienetan.

Errezetaren bat ekarriko duzu?

Mmm, guk, justu, uztailaren 25ean, etxean ohitura dugu bazkaria egiteko eta normalean kozinatzen dugu txipiroiak tintan arrozarekin. Soraluzeko jendeari ere horixe gomendatuko nieke. Zeliakoentzat aproposa egin daiteke, noski. Nik gluten gabe jan behar izaten dut eta ondo zaindu behar izaten dut hori.

Ze koreografiatzuk prestatzea gomendatzen diezu ikusleei?

Go!azen 11ko kantuak errepasatzea gomendatuko nieke, bastante abestuko ditugu-eta.

Zeuretzat, dantzari fin moduan, zein da kanta gu?

Gusturen dantzatzen dudana da Ez dakit zenbat denbora daramadan hemen edo Aralarko dama. Direlako oso mugituak, korografia oso dibertigarriak dira, taldean kantatzeko atseginak dira eta ondo pasatzen dugu. Eta orokorrean ikusleei ere gustatzen zaizkie, beti sentitzen dugu ikusleen indarra bueltan eta oso polita izaten da hori.

Laguntza beharko duzue, ezta?

Nahiko laguntza beharko dugu. Eztarriak ondo berotuta ekartzea ondo etorriko zaie. Laguntza beharko dugu ikusle bezala, indarra eta ahotsa beharko ditugu abesti batzuk aurrera ateratzeko, eta abesti batzuetan batzuek aukera izango dute eszenatokira igo eta abesti batzuk gurekin batera abesteko. Euren laguntza garrantzitsua izango da.

Gurasoendako mezuren bat?

Etortzeko eta animatzeko. Goitik oso-oso polita da ikustea nola haurrek eta gurasoek elkarrekin ondo pasatzen duten. Piloa eskertzen dugu gurasoek jartzen duten indar eta motibazioa eta pentsatzen dugu oso eredu ona dela seme-alabentzat gurasoak eta herriko erreferente helduagoak dantzatzen, kantatzen eta ondo pasatzen ikustea. Da espazio bat ondo pasatzeko eta disfrutatzeko. Animatzeko beldurrik gabe. Gainera, horrek puntuak igotzen ditu ikusleen artean egongo den lehiaketatxoan.

Besterik nahi baduzu esan…

Etortzeko, ondo pasatzeko eta animatzeko gurekin batera dantzatzera, abestera eta momentu hori elkarrekin partekatzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.