Soraluzeko jaiak 2025

Gaur, 'Sagar-Erreka Mix' herriko musikarien show-a txosnagunean

Ubane Madera Zangitu 2025ko uzt. 24a, 10:11

Gaur, eguena, Sagar-Erreka Mix ikuskizuna taularatuko dute Galtzagorrixen txosnaguneko eszenatokian, goizaldean. 2022ko Caribe Mix ikuskizunaren bidetik, show umoretsua izango da, nahiz eta musikak orain hiru urte baino garrantzi handiagoa izan. Herriko 15 musikarik gorpuztuko dute Sagar-Erreka Mix. 36 urte dituzte beteranoenek eta 16, berriz, gazteenak.

Errepertorioa osatu dute jai-giroko kantu euskaldunekin: The Uski’s-en Horrelako, Suneren Lau Korapilo, Kaparrak-en Gaupasa... Berezitasuna da musika bertsionatzeaz gain kantuetako batzuei letrak “plazentziartatu” dizkietela, “beti umoretik, noski”.

Gazteak apiriletik ari dira lanean, lokalen faltan, musika eskolan entseatzen, hasieran domekero eta intentsitate handiagoz orain. Koordinazioak “nahikoa lan” sortzen badie ere, primeran pasatzen ari dira "barre mordoa" egiten, batez ere, letren aldaketa kontuekin. Eta uste dute hori kontzertura doazen ikusleek ere biziko dutela.    

Mikel Hernandez abeslaria

Berak ez du onartzen, baina zela edo hala, Mikel Hernandez (Soraluze, 1989) da Sagar-Erreka Mix-en zuzendaria. "Berak gidatzen gaitu. Berak dauka ideia bat buruan beti eta gutxi gorabehera forma ematen diogu, bere ideiekin egiten dugu", kontatu dute taldekideek. Abeslari nagusia ere bada.

2022an Caribe Mix, aurten Sagar Erreka Mix. Zeintzuk dira aldaketa nabarmenenenak?

Asmoa izan da egitea antzerako zerbait. Hura oso polita irten zen, baina dena gaztelaniaz. Orain, saiakera da gustatzen zaigun musikarekin eta euskaraz egitea. Udako musika, euskaraz eta gainera, Plazentziakoa, gure gustuko kakak.

Zela egin duzue musikarien aukeraketa? 

Galtzagorriek izan zuten bilera bat. Komentatu zuten Hatortxu Rock jaialdiak hemengo jaiekin kointziditzen zuela-eta zaila zela talderik onenak lotzea. Zapaturen baten Bolian elkartuko ziren eta Galtzagorri batzuk hasi ziren tentatzen, eta halaxe, nahiko modu naturalean elkartu ginen. Falta zitzaizkigun instrumentuen musikariei galdetu eta segituan esan zuten baietz. Orain dela hiru urte bi eibartar ere egon ziren kantuan. Aurten denak dira autoktonoak, harrobikoak. Hau da daukaguna, ba horrekin aurrera!

2022an baino gehiago zarete gainera.

Bai, komentatu izan dugu, zelan kabituko gara? Ta pentsatu dugu avanzea ipintzea taulari. Kabitu beharko gara.

Letra oso bereziak izango dira, ezta?

Batzuk bai, egokitu egin ditugu. Batzuk dira zirikatzaileak, baina umoretik beti. Komentatu izan dugu txirigoten estilora.

Entzun dut nahi duzuela ikusleek zuekin kantatzea.

Bai. Bururatu zaigu eszenario alboan-edo proiektore bat ipintzea letrekin. Caribe Mix-ek zituen letra eta dantza guztiak ezagunak, eta ondorioz, hura izan zen arrakasta segurua, katxondeo erabatekoa. Oraingoan hura ez da berdinduko, baina asmoa ere ez da hori. Hau da beste zerbait. 

Zuek zela bizi zenuten Caribe Mixen esperientzia?

Ez genuen espero horrenbeste jende. Plaza Zaharra hutsik geratu zen.

Beste zerbait nahi baduzu esan...

Animatzea denok ikustera etortzera. Asmoa da ondo pasatzea. Herritarrek egindakoa herritarrek ondo pasatzeko. Umorea, dantza, perreatu, ondo pasatu... zer egingo dugu ba jaietan?

Andoni ariznabarreta tronboi-jotzailea

Tronboi-jotzailea da Andoni Ariznabarreta (Soraluze, 1999) eta instrumentu horixe joko du Sagar-Erreka Mixen, bestelako lanak egiteaz batera; adibidez, berak egokitu ditu kanten partiturak haizezko instrumentuetara.

Zer iruditzen zaizu Sagar-Erreka Mix?

Gazte desberdinak elkartzea halako gauza bat egiteko iruditzen zait super ondo. Izango den show-a ere denetarikoa izango da, animatua, hori seguru, eta, ondo pasatzeko. Mikelek esaten zuen jende gaztea erakarri behar dela. Eta arrazoia zuen, ze bakoitzak ikuspuntu bat dauka eta denok batuta gauza hobea lortzen dugu. Gainera, polita da ikustea jende desberdina elkartzen garela halako zerbait egiteko. Musikalki gauzak prestatzea ere gustatzen zait eta entseatzea ere bai. Azken urteetan dugun arazo nagusia da ez dugula lokalik entseatzeko; hor ikusten dut arazo bat ze jende gaztea akaso ez da animatzen halakoetan parte hartzera edo bere taldeak sortzera lokal faltarengatik; batzuk badute aukera musika eskolan, baina hortik kanpo ez dago. 

Zein kanta ari da ondoen geratzen?

Denekin gabiltza lanean eta ikusiko dugu zer irteten den. Niri pertsonalki gehien gustatzen zaizkidanak dira runbak eta egongo dira batzuk. Hor haizeek ez dugu jo behar, baina txaloak eman behar ditugu beraz ondo pasatuko dugu, seguru.

Zein gonbidatuko zenuke ikuskizunera?

Mundu guztia. Ikusita Caribe Mix-en arrakasta, nahiz eta bereziki ez ginen joan esaten. Jendea animatu zen herriko jendea zegoelako, gero ondo pasatzen hasi ziren eta han gelditu zen jende piloa. Animatuko nituen etorri ziren guztiak, espektakulua izango da eta ondo pasatuko dugu. 

Ines LAsCurain Gitarra-joTZAILEA

Ines Lascurain (Soraluze, 1989) musikari beteranoena da Mikel Hernandezekin batera. Gitarra joko du Sagar-Erreka Mixen. Lascurainek ere errepikatu egingo du esperientzia, Caribe Mixen ere izan zen-eta.

Beraz, ez zinen damutu Caribe Mixen parte hartu izanaz?

Ez. Aspaldi nengoen halako gauza batean parte hartu barik eta Caribe Mix-en oso ondo pasatu genuen, batez ere, entseguetan. Niri kontzertuak ez zaizkit asko gustatzen, baina entseguetan oso ondo pasatu genuen eta da aukera bat jotzeko etxetik kanpo, ikasi duzun guzti hori aprobetxatzeko, ze bestela etxean joten dut bakarrik.

Hortaz, entseguak gogokoen?

Entseguak eta jendea. Ni pianoan nengoen eta burua jaso eta jende hori guztia ikustea, zubia beteta... Ez genuen espero eta pentsatu nuen, zelan erakarri dugu herri guztia hona? (Barre)

Zelan ikusten duzu Sagar-Erreka Mix?

Desberdina da. Lehen zen abestia hartu eta errepikatu. Orain da abestia hartu, letrak aldatu eta gure erara moldatu. Izango da gehiago ikuskizun bat kontzertua baino. Gustatu ahal zaio jendeari edo ez, ze, gainera, letrak aldatzera akaso norbaitek txarrera har dezake; espero dezagun ezetz, jendeak ikustea benetan brometan gabiltzala, ez dela inorekin sartzera joatea.

Orain zer da gustukoena?

Orain anbientea, ze letren kontuekin egundoko barreak egiten ditugu. Ondo pasatzen ari gara.

Zuk 36 urte, gazteenak, 16 urte. Badator harrobia?

Bazen ordua. Orain arte, halakoen bueltan beti ibili gara igualak. Ematen zuen gazteek ez zutela nahi sartu edo ez zutela aukerarik ikusten, akaso talde itxia ematen genuen. Aurten saiatu gara gazteagoak bilatzen eta bi animatu dira, beraz ea halakoekin jendeak ikusten duen euren kabuz ere egin dituztela gauzak. Ze igual gazteak daude ohituago musika eskolaren eskutik egiten gauzak, abestiak irakasleek atera... eta halako gauzekin ikusten duzu zeu ere kapaz zarela gauzak egiteko zeure kabuz.

Aimar Bengoa tronboi-jotzailea

Aimar Bengoak (Soraluze, 1991) tronboia joko du Sagar-Erreka Mix-en. Bilbon bizi den arren, ikuskizunean parte hartzera animatu da; gainera, bigarren aldia du, Caribe Mixen ere parte hartu baitzuen.

Herrian bizi ez arren, Sagar-Erreka Mix-en parte hartzeko ahalegina egiten ari zara. Zergatik?

Ba beti animatu izan naiz halako kontzertuetara, lehen gaztetxean egiten ziren karnabaletako bertsio gauetan (hor sortu zen Caribe Mix) eta gero jarraitu dugu jaietan txosnetan zerbait egiten. Azkenean, jai herrikoietan denok parte hartu behar dugu modu batean edo bestean eta nik musikarekin, txarangan, danborradan edo kontzertuetan jota.

Caribe Mix erabateko arrakasta izan zen; zelan ikusten duzu Sagar-Erreka Mix; musikalki hobea bai, behintzat?

Hobea baina desberdina. Caribe Mixek tematika zehatz bat zeukan baina abesti guztiak erdaraz ziren. Sagar-Erreka Mix euskaraz izango da eta herriarekin lotura gehiago izango du.

Zuek (partaideak), behintzat, ondo ari zarete, ezta?.

Bai, entsegu dezente egin dira kontzertu hau prestatzeko, errepertorioa, letrak…

Ez da oso ohikoa horrenbeste haizezko instrumentu.

Egia esan ez; asko animatu ginen eta herriko jendearen parte hartzearekin egiten denez, ba ahots desberdinak aterata denok jotzeko aukera daukagu.

Zuen kasuan, anaiak eta biak jotzen dituzue haizezko instrumentuak, etxean zaletasun bereziren bat duzue?

Ba ez egia esan, txikitatik musika eskolan egon gara biok eta orain musikaz eta instrumentuaz disfrutatzen jarraitzeko eta jaietan herrikoa den kontzertu bat emateko aukera da hau.

Jondar Plata eta Ander Gomez sokazko instrumentuak

Jondar Platak (Soraluze, 1998) eta Ander Gomezek (Soraluze, 1995) Ines Lascurainekin batera joko dituzte sokazko instrumentu bakarrak, baxua eta gitarra hurrenez hurren.

Sokazko nahikoa izango zarete?

Gitarra bat irabazi dugu, Ines, eta rantxerak eta rumbak jotzeko ondo datorkigu. Kontran, teklatua galdu dugu, eta pena da ze soinu infinituak dauzka eta kantuak asko betetzen ditu. Baina, Jondarrek erosi du baxuarendako efektu pedal berezi bat, soinu estralurtarrak sortzen dituena eta elektronikoago diren bizpahiru abestietan sartuko dugu, jendeak flipatu egingo du, seguru.

Caribe Mix eta gero, berriro parte hartuko duzue halako ikuskizun baten… 

Seguru baietz. Arazo bakarra da jendea taldera gehitzen jarraitu ezkero azkenean zubi osoa guretzat hartu beharko dugula eta publikoa taula gainean jarri… Baina bai, ideia on eta original bat dagoen bitartean, aurrera.

Letrak aldatzea ideia ona da, jendea haserretuko da... 

Ideia ona. Guk, behintzat, barre asko egin dugu prozesuan. Azken finean, herritarrak kezkatzen dituen eta askotan elkarren kontran jartzen dituen gaien parodiak dira, eta hori bilatzen dugu, txar horren guztiaren gainetik herritar guztiak elkartzea eta barre egitea. Batzuekin dudak izan ditugu eta bat edo beste baztertu egin ditugu. Baina intentzio txar barik egindako letrak dira, umoretik jaiotakoak. Eta guk entseguetan egin bezala, jendeak bere buruaz barre egitea gustatuko litzaiguke, oso terapia sanoa da eta.

Zuek egin duzue letraren bat, ezta? 

Bai, baina denon arteko kontua izan da. Modus operandia honakoa izan da: norbaitek abesti famatu baten eta herriko ideia original baten arteko lotura egin, taldean partekatzen zuen eta, gustatu ezkero, ekarpenak eginez osatzen genuen letra.

Inspirazioa nondik etorri zaizue? 

Soraluce Opinatik. Bueno, hori da boteprontoan bururatzen zaigun broma baina, egia esan, ez da guztiz broma. Azken finean kantuotako gai asko herritarren kexuetatik irten dira, eta asko eta asko sareetan edo Pil-pileanen bertan publikatutako kontuak dira. 

Eta emaitza da... 

Soraluzeren iruditeria kolektiboa, umorearen ikuspuntutik landuta. Igual hitz potoloak dirudite, baina denetarik dago: herriko historia eta historian sortu diren istorio eta mitoak, ohiturak, pertsonaiak… eta gaur egungo problematikak. Orain ikusita, agian buruhauste gehiegi hartu ditugu, batez ere jaietako lehen eguneko 01:00ean jotzen dugula ikusita… Ez dakigu jendea asko enteratuko den, baina bueno, dantzatu eta ondo pasatu ezkero, gu pozik.

Sugar Ostolaza abeslaria

Sugar Ostolaza (Soraluze, 2009) eta Haizea Makinai (Soraluze, 2007) dira partaiderik gazteenak. Abestu egingo dute. Sugar Ostolazak esplikatu du zelan bukatu duten proiektuan parte hartzen.

Zelan animatu zineten?

Ideia proposatu ziguten eta dibertigarria izan ahal zela pentsatuta, animatu egin ginen.

Zelako esperientzia ari da izaten?

Oso ona. Niri asko gustatzen zaizkit halako gauzak eta oso gustura nabil entseguetan.

Zer da onena?

Entseguetan sortu den giroa.

Musika eskolako ikasle zarete biak, halako ekimenak pizgarri dira musika ikasten segitzeko?

Bai, zalantza barik.

Instrumentistak izan arren, ahotsak izango zarete Sagar-Erreka Mix-en. Zergatik eta zelan horrekin?

Ba, ahotsak behar zituzten, eta gu biok beste aldi batzuetan ere abesten ibili izan garenez...

Zeini gomendatuko zeniokete ikuskizuna?

Batez ere, herriko gazteei, lagunei eta jai giroan ondo pasatzea nahi duen edozeini. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.