Bihar hasi eta domekara arte luzatuko dira Soraluzeko jaiak. Aurten, berezitasun modura, domeka eguerdi-arratsaldeko lehen orduan bukatuko dira ekitaldiak. Maite Quintanilla Kultura zinegotziaren esanetan, "eragileekin erabaki da eguerdira arte izatea jaietako azken eguna. Aurreko hiru egunak oso potenteak aurreikusten dira eta zentzurik ez zuen igandea luzatu luzatzearren".
Bestelakoan, jaien ezaugarri nagusietako bat da "gauza batzuk kanpotik kontratatutakoak" direla baina aldi berean, "ekimen asko herritik sortutakoak" direla, "ekimen parte-hartzaileak eta antolaketa bera ere herritarra dutenak".
Jaietako ekitaldiei dagokienez, berriz, badaude tradizionalak berriekin uztartuta, baina oro har, "iazkoek zela funtzionatu" zuten ikusi eta "egitura hori jarraitu" dute antolatzerakoan.
Musika eskola pregoilari
Ohi denez, kanoikadak emango die hasiera ofiziala jaiei. Aurten, pregoilari izango dira Soraluzeko Musika Eskolako ordezkariak, eskolak 35 urteotan egindako ibilbideari aitortza modura. Pregoia egiteaz aparte, musika eskolako bi kidek txarangarekin joko dituzte bi pieza ezagun, Marras eta Egun da Santimamiña
Behin festak lehertuta, denetariko eskaintza izango da hiru egunotarako.
Denok askatasunez eta plazerez
Berritasunen artean, adibidez, Sexubizi informazio gunea lehen egunean jarriko dute, "mezu horri indarra emateko". Zentzu horretan, Quintanillak azpimarratu duenez, "Udalaren nahia da jaiak askatasunez eta plazerez bizitzea denok, ez dugu onartuko inongo eraso motarik eta konplize izatea ezta ere". Dena den, erasoren bat gertatzen bada, "protokoloa landuta dago eragileekin eta tabernekin".
Bestalde, kontzertuetako bat, Pancho Balbuenarena, ez ohiko eszenatokian izango da, Santa Ana kalean. Herri bazkariak ere izango du kokagune berria, Kalebarrenen eta zapatu eguerdia indartzeko, Arrasateko gaiteroen eta Gariband taldearen kalejira izango da eta umeendako apar festa ere eguerdian izango da, frontoian. Eta besteak beste, iaz baino indartsuago eta ikusgarriago etorriko da zezensuzkoa zapatu gauean.
Adin bat gau bakoitzeko
Gauetako eskaintzarekin segituz, berriz, Quintanillak azpimarratu du gau bakoitza irudikatu dutela adin edo publiko guztiei eskaini ahal izateko. Hartara, lehen gaua gazteekin pentsatuta dago eta 21:30ean DJ Txola ta Potxola izango dira plazan eta haien ondoren Janus Lester "oso modan" dagoen musikaria.
Barikua, berriz, mariatxien gaua izango da, Los Tenampas taldearen ikuskizunarekin eta azken gauean, zapatuan, berriz, eskaintza bikoitza dator Udalaren eskutik. Batetik, Idoia Asurmendiren musika lasaia plazarako eta bestetik Belakoren post-punka Zubi Nagusirako.