Txundituta Cuadrado Stunt-en erakustaldiarekin

Ubane Madera Zangitu 2025ko uzt. 21a, 19:04

Zapatuan, Motoclub Plaentxiren eskutik etorri zen Cuadrado Stunt rider-ak aho zabalik eta txundituta laga zituen frontoia lepo bete zuten ikusleak. Valladolidetik etorritako motozaleak nahieran erabili zituen Kawasakia, Suzukia, Quad-a eta bueltan errubera bat zuen RMZ bat. Haien gainean zein haiekin denetariko akrobaziak egin zituen. Ibili zen esku barik, hanka barik, manillarrean zutik, bi ikusleren inguruan dantzan, bueltak ematen… dena eman zuen Cuadrado Stunt-ek, motoaren beraren errubera errebentatzeraino. (Barruan Cuadrado Stunt-i egindako elkarrizketa). 

Lau moto erabiltzen ditu akrobaziak egiteko Jose Angel Cuadrado Casado Cuadrado Stunt-ek (Peñafiel, Valladolid, 1989), Kawasaki Ninja 636, 2024koa, Quad-a LTR 450-a, RMZ errubera bat bueltan duela 360ko frontflip-ak egiteko eta Suzukia, show-a bukatzeko. Curriculum ikusgarria dauka Cuadrado Stunt-ek.

Noiz hasi zinen honetan?

Umetatik 10-13 urterekin bizikletan hasi nintzen caballitoak egiten, 14-15 urterekin lehen ziklomotorra izan nuen eta harekin ere hasi nintzen caballitoak egiten, baina hau egingo nuenik jakin barik. 18-19 urterekin zilindrada handiko moto bat erosi ahal izan nuenean -ikasten eta lanean- motoa prestatu eta diziplina hau lantzen hasi nintzen. Gogorrago entrenatzen hasi, erremolkea erosi… eta akonturatu nintzenerako gustukoen nituen kirola eta pasioa nire bizitza estilo bilakatu eta Espainia eta mundu osoan showak egiten hasi nintzen.

Non entrenatzen duzu?

Leku itxietan edo zirkulaziora itxita dagoen industrialde batean. Beti zirkulaziotik kanpo, lurra garbi duela eta zaratarekin inor ez molestatzeko. Lehentasuna da segurtasuna, kirol hau urte luzez praktikatu ahal izateko.

Zenbat ordu entrenatzen dituzu?

Hasieran ordu mordoa sartzen genituen. Baina maila batera iritsita, tailerrean ere ordu asko sartu behar dira motoak ondo egiteko, fisikoki zaindu egin  behar zara, luzaketak egin… ze lesioak, kolpeak, beroak ere ez du lagunzen… igarri egiten dira. Bizikleta orduak egiten ditut. Gainera, moto guztiak erabili nahi badituzu, fisikoki indartsu eta ondo egon behar zara. Nire mekanikarien laguntza daukat baina ia nik gidatzen dut, nik kargatu… hau ez da hona caballitoak egitera datorren zoro baten saioa. Lan eta ardura handia dago errazak diruditen akrobazia horiek seguruak izan eta jendeak gozatu dezan eta ezer ez dadin pasatu.

Hemen zer moduz?

Asko gozatu dut. Lekua oso ona izan da. Ikusleak oso animatuta egon dira eta eguraldiak ere lagundu du… beraz… dena alde izan dugu.

Hemendik nora?

Datorren asteburuan Palentzian izango gara.

Nora gustatuko litzaizuke joan?

Niretzat saio guztiak dira garrantzitsuak. Baina agian Moto GP saio batera, kirol hau jende gehiagorengana iritsi eta kirol mota gehiago baloratu dadin, kirol hau gehiago ikusarazteko, ze ez dago diziplina serio modura kontsideratuta.

Baina zuk lortu duzu profesionalki hortik bizitzea.

Zorionez. Gauza asko alboratu nituen, honetan irauli nintzen eta urte batzuk daramatzat honetara dedikatzen. Beti tartekatu behar duzu beste gauzatxo batzuekin, konponketa txikiak… ez baita erraza. Baina hainbat patrozinatzaileren babesa ere badut eta horri esker gozatzen dut eta ea aukerarik badudan beste hainbat urtez hemendik bizitzeko.

Besterik nahi duzu esan…

Norbaitek nahiko balu kirol mota hau praktikatu eta nik lagundu ahal badiot edo aholkuren bat eman, Instagramen jarrai nazake -Cuadrado Stunt- eta praktikatu nahi dutenean, zirkulaziora itxitako lekuetan praktika dezatela, beti kaskoarekin eta asko gozatu dezatela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.