Plaza Zaharrean futbolean jokatzeari buruzko kexua

Ubane Madera Zangitu 2025ko uzt. 18a, 11:15

Umaeak plazan futbolean, atzo, eguena.

Atzoko osoko bilkuraren amaieran, herritar batek Plaza Zaharrean futbolean jokatzea buruzko kexua helarazi zion udalbatzarrari. Esan zuenez, lehenago ere kexatu da, ze futbolean jokatzea debekatuta egon arren, berak jaso izan ditu bi baloikada, eta Udaltzaingoari esanda ere, ez diote kasurik egin. Alkateak erantzun zion Udalak plazan giro trankila disfrutatzeko aukera bermatu behar duela eta jolas batek beste eskubide batzuk inbaditzen dituenean, hori ez dela onargarria. Borinaga ordezkari sozialistak, berriz, besteak beste, gurasoen jarrera kritikatu zuen.

Plaza Zaharrean debekatuta dago futbolean jokatzea eta hala dago adierazita kartel bitartez. Baina debeku hori ez da errespetatzen eta kexu hori helarazi zuen atzo herritar batek.

Esan zuen plazak “tiro zelaia” dirudiela, etengabe dabiltzala umeak baloiarekin eta euren gurasoak bertan egonda ere, ez dietela ezer esaten. Gaineratu zuenez, berak bi baloikada jaso izan ditu eta egoeraren berri Udaltzaingora deitu zuenean erantzun zioten, eta zer egingo dugu ba?

Retolazak esan zuenez, baloikada pertsona nagusi batek jaso izan balu, akaso kexuaz ez beste zerbaitez berba egin beharko lukete. Gogorarazi zuen frontoia badagoela futbolean jokatzeko egokituta, eta taberna falta baldin bada arazoa, “gurasoek edariak termoan eraman behar badituzte, ba eraman ditzatela!”.

Patricia Borinaga sozialistak ere kritikatu zuen gurasoen jarrera, asko plazako tabernetan egoten baitira umeek futbolean jokatzen duten bitartean eta ez diete ezer esaten.

Badaude mekanismoak

Unai Larreategi alkateari dagokionez, azpimarratu zuen Udalari tokatzen zaiola gai horretan intzidentzia egin eta gainean egotea eta badaudela horretarako mekanismoak. Gauza ez dela plazan jolasadebekatzea, jolasa ez baitago debekatuta, baina bai futbolean egitea eta Udalak plazan giro trankila disfrutatzeko aukera bermatu egin behar duela eta jolas batek beste eskubide batzuk inbaditzen dituenean, hori ez dela jolasa eta ezin dela onartu adierazi zuen.

Iker Aldazabal jeltzaleak, berriz, besteak beste, proposatu zuen Haur eta Gazteen Kontseilura eramatea gaia eurei zuzenean helarazteko zein den egoera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.