Soraluzeko Arrozak kulturarteko topaketa uztailaren 27an izango da, Zubi Nagusian. Ekimenaren izenak dioen moduan, topaketa gastronomikoa da , arroza oinarri duena.
Iaz, 15 arroz
Helburua da partaide bakoitzak arrozarekin bere errezeta propioa prestatzea, norbere jatorrian oinarritutakoa. Iaz, adibidez, jatorriz Maroko, Venezuela, Peru, Burgos eta Euskal Herrikoak diren 15 plazentziatarrek prestatu zituzten arrozak.
11:00etan hasiko dira arrozak prestatzen. Udalak jarriko du beharreko material guztia. Eta behin arrozak prestatuta, 13:30ean arroz horiek dastatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek.
Parte hartzera animatu
Udalak herritarrak animatu nahi ditu ekimenean parte hartzera: “Soraluzen bizi den edozein herritar parte hartzera animatzen dugu, berdin da bertan jaiotakoa edo kanpoan jaiotakoa izan, animatu nahi dugu parte hartu eta bere arroz espezialitatea egitera”. Izena emateko: 943 75 30 43 / sustapena@soraluze.eus.
Aurtengoa, Soraluzeko Arrozen bosgarren edizioa izango da eta jaietan herritarrek asko apreziatzen duten ekimena da, di-da agortu izaten baitira bertan prestatutako arroz goxoak probatzeko tiketak.