Moto topaketa zapatuan, moto akrobazien ikuskizun eta guzti

Ubane Madera Zangitu 2025ko uzt. 14a, 09:03

'Cuadrado Stunt' akrobaziak egiten.

Zapatuan dozenaka motozale Soraluzen elkartuko dira Motoclub Plaentxik antolatutako topaketan. Izen-emateen ondoren ibilaldia egingo dute Debarroko errepideetatik, kostalde ingurutik. Gero,  Soraluzera bueltan, Plaza Zaharrean lagako dituzte motorrak eta elkarrekin poteatu eta bazkalduko dute zubian. Aurten, berritasun moduan, arratsaldean, stunt rider ikuskizuna eskainiko dute.  

Zapatuan, 10:00etan zabalduko dute moto topaketarako izen-ematea, gaztetxean. Iaz, 80 motozale pasa elkartu zen Soraluzen eta kopuru hori edo gehiago espero dituzte aurten. Adibidez, bazkaritarako 120 lagunendako lekua dute aurreikusita.

Motorrak ikusgai plazan 

Egitarauari dagokionez, iazkoa errepikatu egingo dute. Hori horrela, izen-emateak bukatu ondoren, 11:00etan abiatuko dira inguruko errepideetatik moto-ibilaldia elkarrekin egitera. Hura amaitzean, berriro ere Soraluzera bueltatu eta Plaza Zaharra motoen erakusleiho bilakatuko da, bertan aparkatuko baitituzte motorrak topaketak iraun bitartean.

Gidariek, berriz, txaranga-poteoa egingo dute erdigunetik eta iaz moduan, aurten ere opariak zozketatuko dituzte ibilbidean. Antolatzaileek esan dutenez, “gauza asko” dituzte oparitzeko. 14:30ak inguruan, berriz, Zubi Nagusian elkartuko dira mahaiaren bueltan, goizean zubian prestatzen ibili diren paella-jana egiteko.

'Stunt show'-a

Gero, arratsaldean segituko du jaiak. Batetik, bazkalosterako, bingoa eta jolasak prestatu dituzte. Tartean, droga edo alkohol kontsumoa simulatzen duten betaurrekoekin probak egin beharko dituzte partaideek.

Bestetik, aurten, berritasun modura, arratsaldean Stunt Rider ikuskizuna izango da. Jose Angel Cuadrado, Cuadrado Stunt izen artistikoa duenak stunt show-a egingo du frontoian. Bestela esanda, arrisku handiko akrobaziak egingo ditu moto gainean. 18:00ak inguruan izango da hori frontoian, baina ordua zehazteko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.