Ibai Kortabarria: "Lanean aukera daukagunera arte edo buruak edo gorputzak basta esan arte segituko dut entzierroak korritzen"

Ubane Madera Zangitu 2025ko uzt. 13a, 08:33

Bihar, astelehena, korrituko du Ibai Kortabarriak Sanferminetako aurtengo azken entzierroa. Atzokoa eta gaurkoa izan ezik, gainerako guztiak korritu ditu.

Zelan doaz entzierroak?

Egunean egunean hobetzen. Astelehenean jende asko zegoen; asteartean zezen bat jausi egin zen Estafeta kalean eta atzean geratu zen eta kaos pixka bat egon zen kalean; eguenean gehiago gerturatu ginen eta barikuan ere bai, zezenaren ingurura, ahal den heinean, ze urtetik urtera geroago eta jende gehiago egoten da.

Bai? Igartzen duzu?

Bai, asko igartzen da. Jende gehiago, leku gutxiago, korrika egiteko zailagoa da, animaliak geroago eta bizkorrago datoz eta jendea gero eta gehiago korrika egitera doana, hortaz, zezenen aurrean egoten den borroka hori gero eta handiagoa da.

Jendea prestatuago dago?

Bai, nik inguruko entzierro batzuk eta sanferminak egiten ditut, baina badaude asko Espainia guztiko entzierroetara joaten direnak eta horiek urte guztian horretara doaz. Nik, urte guztian, zezenen inguruan beste ekintza piloa egiten ditut, ez bakarrik entzierroak,. Baina horiek bai, eta orduan beste prestakuntza, mentalitate eta beste ikuspuntu bat dute.

Zein ikuspuntu?

Ba nik egiten ditudan ikuskizunetan gehiago animaliak geldian etortzen dira, errekorteak, saltoak-eta egiten… baina beste horiek ohituta daude entzierroetara, korrika egitera, jendea jaustera… alde horretatik, hobeto prestatuta daude.

Zuk jai hartu duzu joateko?

Ni orain langabezian nago eta aprobetxatu dut egunero joateko.

Bakarrik joaten zara?

Soraluzetik bai, baina taldetxo bat Bergaran elkartzen gara 4-8 bat lagun eta denok batera joaten gara. Bergaran 5:30ean geratzen gara ze 7:15ak aurretik ibilbidean egon behar zara bestela ez dizute sartzen lagatzen eta buelta 10:30-11:00etarako bueltan egoten gara.  Batzuk lanera joan behar izaten dira.

Orain artekoen artean politena?

Asteartekoa. Politena baina gogorrena ere bai. Zezen bat bera bakarrik kalean eta zeukan arriskuarekin… Arriskuak handitu eta min hartzeko probabilitateak handitu egiten dira baina aspaldi ez zen halakorik pasatzen eta esan daiteke entzierroen egia hori dela. Gaur egun zezenak daude oso entrenatuta eta normalean, jausi arren ere jaiki eta besteen bila joaten dira, baina izaera desberdina duen zezen bat tokatuz gero, ba arrisku gehiago ekartzen du; hori bai jendeak ikusteko hobeto eta guretzat ere, segun ze kasutan ere ondo, ze kalean paretaren kontra begira egoten den jende horrek ihes egiten du eta kalean bakarrik geratzen gara korrikalariak, eta gure arriskua gutxitu egiten da ze gaudenok denok dakigu zein den arriskua eta txarto eginez gero zein ondorio dauden ere badakigu.

Zuk non egiten duzu?

Estafetako erdi inguruan.

Baduzu erritualen bat?

Ez. Sartzen gara 06:45erako-edo eta 07:00ak arte egoten da aukera Santo Domingon ikuiluetan dauden zezenak pareko murallatik ikusteko eta aukera badugu eta lagatzen badigute ohitura dugu zezenak ikustera joateko. Hori da erritual bakarra. Denok batera joaten gara. Gero Santo Domingon zain egoten garen bitartean Euskal Herriko lagun askorekin elkartzen gara eta berriketan eta aurreko eguneko istorioak kontatzen egoten gara. 

Akaso urtean behin elkartuko zarate han?

Askorekin Iruñean, bai, entzierroetan bakarrik.

Zuk zenbat urte daramatzazu?

Lehena egin nuena izan zen 2016an. Tartean, lanaren ondorioz, urte batzuetan ezin izan naiz joan, baina bestela bai.

Eta jarraituko duzu?

Lanean aukera daukagunera arte edo buruak edo gorputzak basta esan arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.