Yallah Soraluze taldeak eta Errabal Kultur Elkarteak errezitaldi musikatua antolatu dute datorren eguazten arratsalderako (19:00). Emanaldiak bi osagai nagusi izango ditu: batetik, musika, Sol Band talde palestinarraren eskutik eta bestetik, poesia, Mohammed El-Kurd poeta palestinarraren hamar poema, herritarrek irakurrita.
Musika talde gazatarra
Sol Band taldeko kideak Gazan jaio eta bizi izan ziren 2024ko apirilera arte. Gaur egun, Hernanin bizi dira, aurten asilo eskaera egin eta gero Musika banda 2012an sortu zuten "Palestinaren bihotzetik itxaropenaren eta sormenaren sinbolo zirrraragarri gisa" eta "ekarpen esanguratsuak egin ditu musikaren panoraman, Palestinako musika tradizionalaren bilduma landuz". Harrezkero, Jordanian, Ammanen, Frantzian eta Belgikan jo dute eta azken hilabeteotan hainbat kontzertu eskaini dituzte Euskal Herrian.
Rifqa, amonari eskainitako poemak
Eguazteneko ekitaldian, Sol Band taldearen musikarekin batera, Mohammed El-Kurd poeta palestinarraren poemak ere irakurriko dituzte. El Kurd (1998, Sheikh Jarrah) Palestina okupatuan jaiotako poeta, idazle, kazetari eta militantea da. 2021ean, Rifqa poema bilduma argitaratu zuen. Rifqa bere amona "Israel bera baino zaharragoa zen eta Palestinar erresilientziaren ikono bat". El-Kurden poemek "Rifqaren erbestealdiak azaltzen ditu, Nakbaren izu zikliko eta gupidagabea agerian utziz". 2024an, Katakrak argitaletxe iruindarrak argitaratu zuen euskarazko bertsioa Eider Beobidek itzulitako poemekin. Hain zuzen, eguaztenean, liburu horretatik hautatako hamar poema irakurriko dituzte herritarrek.
Elkartasuna eta salaketa bideratzeko
"Palestinarrei elkartasuna adieraztea eta Israel bertan egiten ari den genozidioa salatzea dira ekitaldiaren helburu nagusiak", Yallah Soraluze taldeko kideek jakinarazi dutenez. Hori dela eta, ekitaldiak irauten duen bitartean, lepoko zapiak, txapak eta Palestinako banderak jarriko dituzte salgai, ondoren, jasotako dirua Palestinarekiko elkartasun mugimenduetara bideratzeko. Horrez gain, plazentziatarrei gonbitea egingo diete herrian sortu berri den Yallah Soraluze taldean parte har dezaten, "etorkizunean ere elkartasun eta salaketa ekimen gehiago antolatzeko".