Gertakariak

Kea azaldu dela-eta suhiltzaileei abisatu diete

Erredakzioa 2025ko uzt. 11a, 14:47

Gaur, barikua, 13:30ean Arrateko parkeko suhiltzaileek abisua jaso dute Soraluzetik, Santa Ana kalean eraitsita dagoen etxearen zutabeetako batetik kea irteten zelako. Hiru dotazio bertaratu dira eta kontatu dutenez, eurak iritsi direnean, behintzat, surik ez zegoen. Dena den, kea bazegoela-eta, gorenengo zutabea mangerarekin ureztatu egin dute. 14:15erako bukatu dute.

Lekukoek kontatutakoaren arabera, kea hasi da irteten Santa Ana kaleko eraitsitako etxeetako habeetako batetik. Udal langile batek, hura ikusi, eta kubokada ur bota dio. Baina keak irteten segitzen zuen eta orduan suhiltzaileei abisatu die Udaltzaingoak. Haiek berehala etorri eta garabian igo dira egoera ikustera; esan dutenez, eurek, behintzat, ez dute surik piztuta ikusi. Hala ere, habea mangeraz ondo ureztatuta laga dute. 

Ikusmira handia eragin du gertakariak eta badaezpada, etxeko arkitektuari abisatu diote, egoera zein den bertatik bertara ikuskatu dezan. Kea zerk eragin duen jakitea oso zaila dela adierazi dute, dena den, susmoa da zigarrokin batek eragin izan duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.