Astelehen eguerdian irekiko dute Deba eta Itziar arteko N-634 errepidearen errei bat, txandakako pasabidearekin

Erredakzioa 2025ko uzt. 4a, 11:15

Astelehenean (uztailak 7) 13:00etan zabalduko dute errepidea eta semaforo bidez erregulatuko dute zirkulazioa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren esanetan, aurreikuspenen arabera, bide osoa azaroaren hasieran ireki ahal izango dute berriro.

Debako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi dute astelehenean (13:00etan) berriro irekiko dutela N-634 errepidea Deba eta Itziar artean, semaforoen bidez araututako txandakako pasabidea izango duen errei bat gaituz.

Irekiera partzial hori urtarrilaren amaieran Irulearen begiratokiaren pareko ezpondan gertatutako lerraduraren mendebaldeko muturra egonkortzeko lanen lehentasunezko fasea amaitu ondoren egingo dute. Eta, Foru Aldundiak prentsa ohar baten bidez adierazi duenez, "aurreikuspenen arabera, bide osoa azaroaren hasieran ireki ahal izango da berriro, betiere lanen bilakaeraren eta ezegonkortasun handiko eremu honen portaeraren arabera". Aldi berean, begiratokiaren eustorma egonkortzeko obra egingo dutela azaldu dute; izan ere, kalte handiak ditu egituran, eta itxita dago iaztik.

Urtarrilean errepidea erabat itxi zenetik, eremua egonkortzeko eta segurtasuna bermatzeko lanak egiten aritu dira. Eta hilabeteotan "larrialdiko esku-hartze handi eta konplexu bat" egin dutela gogorarazi dute aldundiko iturriek. Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu Felix Urkolak azpimarratu duenez, "badakigu itxiera eragozpen garrantzitsua izan dela Debako, Itziarko eta eskualdeko herritarrentzat, bai eta inguruko enpresentzat ere. Horregatik, hasiera-hasieratik eskura ditugun baliabide guztiak erabili ditugu, eta lan handia egin dugu errepidea segurtasun-berme guztiekin irekitzeko". "Hala ere, oso eremu ezegonkorra da, eta esku-hartze handia behar izan du erabateko segurtasuna ziurtatzeko", gaineratu du.

1,8 milioi euroko aurrekontua

Guztira, orain arte, Aldundiak 1,8 milioi euroko aurrekontua onartu du larrialdiko jarduketa horretarako: 600.000 euro hasieran, eta horiei 1.214.834 euroko gastu gehigarria gehitu zaie, Foru Gobernuaren Kontseiluak onartuta, esku-hartzea bere osotasunean osatzeko.

Oraingoz, partzialki irekiko dute errepidea, eta errei bakarrera mugatuta egongo da zirkulazioa, semaforoek araututako txandakako pasabidea mantenduz. Bidea hormigoizko hormez babestuta egongo dela azaldu dute.

Errepidearen itxierak herritarrengan duen eragina arintzeko helburuz, Debako Udala, Itziarko Auzo Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia elkarlanean aritu dira eta hainbat neurri adostu eta hartu dituzte hilabete hauetan, hala nola Deba eta Itziar artean ibilbide alternatiboak jartzea, betiere tokiko ibilgailu baimenduei lehentasuna emanez, edo DB05 autobus-linearen ordutegiak aldatzea itxierara egokitzeko. Aurrerantzean ere koordinatuta lan egiten jarraituko dutela aipatu dute udal iturriek, "kaltetutako eremua behin betiko egonkortzeko eta errepidea ahal bezain laster ohiko egoerara bueltatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.