Francisco Holguin: “TOCa izatea etenik gabeko biziezin bat da”

Ubane Madera Zangitu 2025ko uzt. 3a, 10:23

Fran Holguín hitzaldia ematen, martitzenean Itxaropenan.

Martitzenean, 30 lagunetik gora elkartu zen Itxaropenan TOCari buruz Francisco Holguinek eman zuen hitzaldian. Hasteko, gaitz bera pairatzen duen peruar batek bidalitako informazio orokorra eman zuen eta segidan bere esperientzia partekatu zuen. Besteak beste, buruko gaitzek tabu izaten segitzen dutela esan zuen, ez zaiela nahikoa arreta jartzen, batik bat, osasun sisteman, eta, oro har, halako gaiekiko ezezagutza handia dagoela uste du. Bukatzeko, Puro Relajok helarazitako elkartasun-bideoa jarri zuen.

Itxaropenako aretoa bete egin zen Nahasmendu obsesibo-konpultsiboari (TOC) buruzko hitzaldiaren harira. Francisco Holguin hizlariak, gaitzari dagokionez, azaldu zuen TOCa buruko gaitza dela; pentsamendu errepikakorrak, beldurrak, kezkak eta obsesioak sortzen dituela eta horien ondorioz, erritualak edo konpultsioak pairatzen dituela TOCa duen pertsonak: eskuak behin eta berriz garbitu beharra, paper bera behin eta berriz irakurri beharra, gauzak ordenatu beharra… Esplikatu zuenez, pertsonak bere buruaren kontra duen etengabeko borroka da, “etenik gabeko biziezin bat da”.

Tratamenduaren garrantzia

Xehetasunen arabera, TOCak jatorri genetikoa izan dezake baina estresak edo antsietateak eraginda ere etor daiteke eta edozeini edozein momentutan etor dakioke, baita umeei ere. Serotonina falta ere badu ezaugarri.

Fran Holguin soraluzetarraren kasuan, azaldu zuen bera gaztetan hasi zela nahasmendu horrekin. Uste du eskolan jasandako jazarpenak edo bullyng-ak zerikusia izan dezakeela TOCaren agerpenarekin. Baina hori ezin da seguru jakin.

Edozein modutan, Holguini bizitza erabat mugatu eta baldintzatu dio nahasmendu horrek, 40 bat urtera arte apenas inorekin harremanatu barik bizitzeraino. Esplikatu zuenez, Auzitegi Medikuko aditu batek diagnostikatu zion gaitza orain dela 12 bat urte. Eta orain, medikuak tratamendua ondo doitzea lortu ondotik, hobeto dabil. “Goizean esnatu, gosaldu, kirola egiten dut… eta gauzak egiten ditut, adibidez, orain dela gutxi maketen erakusketa egin nuen, orain hitzaldi hau eman dut…. Garrantzitsua da gauzak egitea, okupatuta sentitzea eta kirolak ere laguntzen du, serotonina kopurua handitu egiten baitu”, esplikatu zuen.

Osasun profesionalen falta

Baina sufrikario handia bizi behar izan du. Osasun profesionalen aldetik -psikiatra- arreta eskasa jaso izana aipatu zuen; ildo beretik, oro har, buruko gaitzei aurre egiteko profesionalak falta direla esan zuen: “nik, adibidez, Murtziako zein Madrilgo psikologoak izan ditut, baina hemengorik ez”.

Zentzu horretan, buruko gaitzak tratatzearen garrantzia azpimarratu zuen, “beso bat edo hanka bat apurtuta baduzu, ez duzu suizidioan pentsatuko, baina TOCa duen pertsona batek bai. Nik askotan izan dut pentsamendu hori (…). Medikamentuarekin asmatu aurretik, ez neukan ezta jaikitzeko gogorik ere, banekielako beste egun txar bat zetorrela; askotan, 91 urte dituen amarengatik bakarrik jaikitzen nintzen, baina nik nahiago nuen eguzkia irtengo ez balitz”.

Orain, berriz, medikuak tratamenduarekin asmatu egin dio eta apurka-apurka, bizitza sozialagoa eta egonkorragoa izatea lortu du. Uste du buruko gaitzek tabu izaten segitzen dutela eta TOCarekin moduan, oro har, ezjakintasun handia dagoela halakoekiko. Horrexegatik erabaki zuen gaiari buruzko hitzaldia ematea.

Aretoan entzule izan zituenek galdera dezente egin zizkioten, gaiak piztu zuen arretaren erakusle. Zalantza eta jakinminak asetu ondoren, hitzaldia borobiltzeko, Puro Relajo talde entzutetsuak Soraluzeko hitzaldirako propio bidali zion bideoa ipini zuen. Talde nafarrak halako gaitzak pairatzen dituztenekiko elkartasun mezua helarazi zuten, kontzertu baten bueltan grabatuta. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.