- Zelan animatu zara Batzokia hartzera?
- Neukan gogoa menuekin-eta lan egiteko. Elgoibarren Maren taberna daukat 2021etik eta oso-oso gustura gaude. Baina hango sukaldea txikia da eta bakarrik bokadiloak, enpanadak, plater konbinatuak eta halakoak eman ditzaket. Batzokiaren eskaintza ikusi nuenean, etorri egin nintzen eta asko gustatu zitzaidan guztia, lekua ederra da, instalazioak oso aproposak eta animatu egin naiz. Elgoibarko Maren tabernan geratuko dira anaia eta koinatua, oso-oso langileak dira. Eta ni hona etorriko naiz.
- Inaugurazioa etzi; eta gero?
- Inaugurazioa izango da pintxo-pote orduan, 19:00etatik 21:00etara. Emango dugu jatekoa, ardoa, garagardoa… Eta gero ya, barikuan, 07:00etan zabalduko dugu. Ni oso goiztiarra naiz. Asmoa da 07:00etatik itxi arte lan egitea. Goiza hasiko dugu gosariekin, pintxoekin, enpanada oso goxoak egiten ditugu… eguerdian, berriz, poteoa eta gero bazkaritarako edo afaritarako bokadiloak, plater konbinatuak eta errazioak. Asteburuetan, berriz, menu bereziak-eta eman nahi ditugu. Izango da, baita ere, ospakizunak egiteko aukera: urtebetetzeak, merendolak, komunioak… gu zabalik gaude. Jendea etor dadila eta galde dezala lasai.
- Zenbat lagun ibiliko zarete lanean?
- Hasieran, 6 lagun. Sukaldean 2 eta gainerakoak txandaka. Hemengo jendea eta funtzionamendua ezagutu arte horrela ibiliko zara.
- Ostalaritza ondo ezagutzen duzu, ezta?
- Bai. Hona etorri aurretik, Bolivian okindegi bat nuen; hona etorri nintzenetik ahizpak darama hura. Hemen, berriz, 2004an iritsi eta 2006an Txarridunan hasi nintzen lanean eta 2021ean Maren taberna hartu nuen. Ni lanerako gogoz nator eta uste dut, azken batean horixe dela garrantzitsuena. Egia da ostalaritza oso lan gogorra dela, ordu asko, sakrifizioak… baina norbere negozioa izateak dedikazio handia eskatzen du. Orokorrean bizitzako gauza guztietan moduan.
- Besterik nahi baduzu esan…
- Espero dut jendea gurekin eta gu jendearekin pozik egotea. Ni Elgoibarren oso gustura bizi naiz eta oso eskertuta nago hemen bizitzeagatik. Jendeak beti zabaldu dizkit ateak eta laguntasuna eman. Txarridunan jende oso ona ezagutu dut eta Maren zabaldu nuenean oso-oso harrera ona egin ziguten. Jendea ondo tratatuz gero, bueltan tratu ona ematen dute. Etorri inauguraziora, bisitatu, ikusi, galdetu…Eta espero barikutik aurrera egunero elkar ikustea.