Gaur alerta laranja tenperatura altu iraunkorrengatik

Ubane Madera Zangitu 2025ko uzt. 1a, 08:10

Kalebarrengo botikako termometroa atzo, 16:30ean.

Gauerditik, martitzena, alerta laranja aktibatuta du Eusko Jaurlaritzak kantauri isurialdearen barnealdean, tenperatura altu iraunkorrengatik, 24:00etara. Ohartarazi duenez, atalasetik gorako (37/17 ºC) tenperatura maximo eta minimoak izango dira. Aldi berean, atzo moduan, abisu horiaan izango gara 12:00etatik 20:00etara muturreko tenpertura altuengatik. Atzo, 16:30ean 36 gradu markatzen zituen Kalebarrengo botikako termometroak.

Seguratsun Sailak helarazitako oharrak dioenez, Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, aire-masa bero eta lehor bat ari da egunotako bero-bolada eragiten. Gaur, martitzena, tenperatura maximoak 33-36 ºC-ra irits daitezke barnealdean, eta kostaldean, berriz, brisak beroa zertxobait arindu lezake, eta tenperaturak 20-30 ºC ingurukoak izan daitezke. 

Gaineratutakoaren arabera, adierazgarria izango da gauetan ez duela askorik freskatuko, eta tenperatura minimoak ez direla 20 ºC-tik jaitsiko (graduren bat gehiago ere izan liteke) gauean hego-haizea mantentzen den lekuetan. Halaxe izan da Soraluzen gaur gauean.

Xehetasunan arabera, litekeena da bihartik aurrera beroa arintzen hastea, ipar-mendebaldeko haizeak aire-masa freskoagoa bultzatu eta aire-masa beroaren lekua hartuko baitu. Hala ere, bihar goizaldean, bai kostaldean bai Kantauri barnealdean, bero egingo du oraindik, 17-20 ºC-ko tenperatura minimoekin.

Halakoetan ohi denez, beroarengandik babesteko gomendio sorta igorri du Segurtasun Sailak:

Aire zabalean

  • Saihestu eguzki-esposizioa eguneko orduetan. Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
  • Eguzkitik babesteko, erabili kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babesa.
  • Arropa arina, zabala eta izerditzen uzten duena erabili.
  • Saihestu jarduera fisiko bizia egitea bero handiko boladetan, batez ere berorik handieneko orduetan.
  • Zeharkaldiak edo mendi-ibilaldiak eginez gero, eguraldiaren iragarpena kontsultatu eta ziurtatu ur-hornidura nahikoa dela.
  • Tenperatura altuekin zerikusia duten eta ordubete baino gehiago luzatzen diren sintomen aurrean (ahultasuna, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa, zorabialdia…), kontsultatu osasun-langileei.

Etxean eta barrualdean

  • Leihoak eta pertsianak itxita eduki tenperatura altuak direnean.
  • Gaueko airea aprobetxatu gelak aireztatzeko eta freskatzeko.
  • Eguneko ordurik beroenetan, ez erabili beroa sortzen duen etxetresna elektrikorik eta aparaturik.
  • Haizagailu elektrikoak erabiltzeak arindu egin dezake, baina tenperatura 35 ºC-tik gorakoa denean ez dira erabilgarriak beroarekin lotutako gaixotasunak prebenitzeko, ez baitute gorputzaren tenperatura murrizten.
  • Bero handia nabaritzen bada, hartu dutxak edo ur hotzeko bainuak. Beste aukera bat gorputza freskatzea da, batez ere aurpegia eta eskuak, ur freskoarekin eta oihal edo belaki bustiekin pasatu.
  • Ezin bada etxea freskatu, eguneko 2 ordutik 3 ordura leku freskoan pasatu (aire girotua duen eraikin publiko batean, esaterako).

 

Deshidratazioa saihestu

  • Maiz edan ura eta likidoak, egarria izan arte itxaron gabe.
  • Ez hartu kafeina, alkohola edo azukre asko duen edaririk. Ez dute egarria baretzen eta deshidratazioa errazten dute.
  • Entsalada, barazki eta fruituen kontsumoa handitu, izerdiagatik galtzen diren gatz mineralak berreskuratzeko.
  • Janari koipetsuak eta ugariegiak saihestu, berora egokitzea zailtzen baitute.

Pertsona zaurgarrienak zaindu

  • Edozein pertsonak beroagatik arazoak izan ditzakeen arren, arreta berezia jarri behar zaie haurtxoei eta adingabeei, haurdun dauden emakumeei eta bularreko haurrei, bai eta adinekoei eta gaixotasunak dituztenei ere.
  • INOIZ EZ da inor utzi behar aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailuan, nahiz eta itzalean egon.
  • Adineko pertsonek, batez ere bakarrik bizi direnek edo inoren laguntza behar dutenek, zailtasunak izan ditzakete babes-neurriak hartzeko; beraz, komeni da egunean behin gutxienez bisitatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.