Hiru zati izango ditu biharko hitzaldiak. Lehenengo, Nahasmendu obsesibo-konpultsiboari buruzko azalpenak emango dira bideo formatuan. Segidan, Francisco Holguinek nahasmendu horrekin duen esperientzia partekatuko du eta amaitzeko, Puro Relajo taldeak biharko propio bidali dion bideo bat ipiniko du.
Hitzaldi honen jatorria Zuhaitz Gurrutxaga Realeko futbol jokalariak TOCari buruz emandako hitzaldi baten ondotik dator. Hura entzutera joan zen Francisco Holguín eta ikusi zuen “jende asko zegoela gaixotasun horrekin”, baina era berean, jendeak segitzen duela “beldurra izaten esateko gaixotasun hori duela, buruko gaitzak oraindik tabu direlako gizartean”.
Horrez aparte, Holguinek ikusi duenez, “hainbatek ezagutzen dute zer den TOC pelikulengatik-eta, baina beste askok ezta hori ere”; bada berak nahiko luke “gaixotasun hori beste edozein gaixotasun modura ikustaraztea, eta jendea kontzientziatzea gaiari buruz”.
Horregatik guztiagatik, Gurrutxagaren hitzalditik irtetean, bururatu zitzaion hitzaldia eskaintzea Soraluzen. Bihar, martitzena, da hitzordua, 18:30ean Itxaropena elkartean.