Aurreikuspenak bete eta obrak urrirako bukatzeko helburuarekin, buru-belarri ari dira lanean Construcciones Artzamendi enpresako beharginak Ezozibidean. Egunotan, atari aurreko espaloian ari dira. Inpermeabilizazio kapa, baldosak eta atari bakoitzeko loreontzi bana jartzen ari dira. Zenbait puntutan, espaloi berria zaharra baino zabalagoa ere bada, 80 zentimetroraino, kasu batzuetan.
Errepideari dagokionez, lehen zuzena zen lekuan, orain errebuelta txikiak ditu. Halaber, breazko kapa ere ipiniko diote, marrazki adokinatuarekin, baita bi zebrabide zein ibilgailuen abiada murriztu eta oinezkoei lehentasuna emateko bestelako neurriak ere.
Behin auzoaren atari aurreko lanak bukatuta, bertatik biribilgunerainoko zatian hasiko dira lanean. Han ere aldaketa esanguratsuak egingo dituzte. Besteak beste, azken ataritik aurrerako espaloi zatia oraingoa baino zabalagoa izango da.
Bestalde, orain lerro bakarrean dauden aparkalekuak errepidearen bi aldeetan banatuko dituzte. Hartara, ibilgailuek motelago joan beharko dute hor ere bai. Bestalde, espaloiaren amaieran dauden eskailerak kendu eta bakarrik arrapala egokituko dute.
Obra buruak esandakoaren arabera, urrirako bukatu beharko dute guztia. Obra ondo doan arren, “zaila izaten ari” dela esan du, batik bat, bertatik oinezkoak zein zirkulazioa pasatzeko neurriak egokitzen ibili behar baitira. “Eskerrak jendea jator portatzen ari den”, esan du.