Gertakariak

Ile-apaindegi batean sartu dira eta beste bitan ahalegina egin dute

Ubane Madera Zangitu 2025ko eka. 19a, 11:45

Bart gauean, hiru ile-apaindegitan sartzeko ahalegina izan da, Santa Ana kaleko RKL eta Negabi ile-apaindegietan eta Errabal kaleko Mabel ile-apaindegian. Bakarrik RKL ile-apaindegian sartzea lortu du ustezko lapurrak. Bertako ugazabak esandakoaren arabera, erakusleihoko kristala estoldaren taparekin apurtuta sartu da, baina ke-alarmari esker itsututa, segituan irten behar izan du.

Gaur goizean, Mabel ile-apaindegikoei abisatu diete gauean zaratak egon direla. Horri esker, konturatu dira sarraila indarrez zabaltzen ahalegindu direla, baina ez dute sartzerik lortu. 

Estolda kristalera bota

Zaratatsuagoa izan da, berriz, Santa Ana kaleko RKL ile-apaindegiko ustezko lapurreta. Bertako ugazabak kontatu duenez, 04:40an, estoldaren tapa bat bota dute ile-apaindegiaren erakusleihoko kristalaren kontra eta guztiz apurtu dute. Baina barrura sartu denean, ile-apaindegian duten ke-alarmak erabat itsutu eta berehala irten egin behar izan du.

Esandakoaren arabera, auzotarrek, zaratarekin esnatuta, txistuka egin zioten balkoietatik eta leihoetatik. Gaineratutakoaren arabera, ile-apaindegian faltan igarri dituzte bakarrik solariumeko fitxa batzuk, dirurik ez ei dute eraman.

Negabin grabatuta

Azkenik, Negabi ile-apaindegian sartzen ere ahalegindu dira. Bertako ugazabak kontatu duenez, leihotik sartzen ahalegindu direla uste dute, baina kristalak blindatuak dira eta ez dute lortu ezer. Esandakoaren arabera, ile-apaindegiko kamerak grabatu egin dute guztia eta Ertzaintza jakinaren gainean dago.

Segurtasun Sailaren arabera, berriz,  08:30ean jaso dute lapurreta saiakeren gaineko abisua eta momentuz, salaketen zain daude. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.