Panpin txikiak, handiak, peluxe itxurakoak, munstroak, animaliak… denetarikoek parte hartu dute Udal Liburutegiak antolatutako panpinen pijama festan.
Uxue Agirre liburuzainak kontatu duenez, lehen egunean 22 panpin eraman zituzten gaua Udal Liburutegian pasatzera eta elkarrekin Ipuinak irakurri eta ikusi, merienda jan eta ezkutaketan jolastu zuten. Hurrengo egunean, berriz, beste bi eraman zituzten eta haiekin ere egin zuten festa txiki-txiki bat.
Gero, panpina guztiak ipuintxo batekin bueltatu dira etxera, horixe baitzen ekimenaren helburuetako bat, uda sasoirako ipuintxo bana eramatea etxera. Horrekin batera, liburutegiarekiko atxikimendua umetatik sortzea eta literaturazaletasuna sustatzea ere izan dira ekimenaren helburu. Eta emaitza ikusita, balorazioa “oso positiboa” da, “arrakasta handia” izan du eta “umeak eta familiak pozik”.
Argazkiak: Udal Liburutegia eta U.M.