Aurten pieza berria joko du danborradak, Domentx Uzinen 'Atxolin' biribilketa

Ubane Madera Zangitu 2025ko eka. 11a, 10:34

Jakinarazi dute danborradaren aurtengo berritasuna: pieza berri bat joko dute, Domentx Uzin musikariak konposatutako Atxolin biribilketa. Txistularien laguntza izango dute, gainera. Horrekin batera, jakinarazi dute ekainaren 17an hasi eta uztailaren 22ra bitartean, astean birritan entseguak egingo dituztela frontoian.  Danborrada uztailaren 25ean aterako da, iaz moduan, 22:00etan abiatuta.

Danborradako antolaketa taldetik jakinarazi dutenez, datorren astean, ekainaren 17an hasiko dituzte aurtengo entseguak. Uztailaren 17ra bitartean, martitzenero eta eguenero elkartuko dira 19:30etik 20:30era frontoian. Entsegu orokorra, berriz, uztailaren 22an izango da, 19:30ean. Eta danborrada, bera, uztailaren 25ean, 22:00etan irtengo da.

Zortzi bat konpainia

Aurreikuspenaren arabera, zortzi konpainia irtengo dira eta pieza berria estreinatuko dute, Domentx Uzin musikariak 2016an txistu bandarendako konposatutako Atxolin biribilketa. Konpainietako zuzendariak hasita daude pieza hori ikasten, datorren astetik aurrera barrileroei eta danborrei erakusteko. Danborradan, berriz, txistulariak ere izango dituzte lagun.

Atxolin biribilketa 2017ko herriko jaietan jo zuen lehen aldiz txistulari bandak. Imanol Lopezen Nire Plazentziatxo pieza ere estreinatu zuten kontzertu hartan. Biribilketari dagokionez, Domentx Uzin soraluzetarrak konposatu, Juan Carlos Larreategi maisu elgoibartarrak bideratu, eta partitura txukun argitaratzen Eugenio Garcia arrasatearraren laguntza izan zuen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.