Zapatuan Erromerixa Eguna Ezozin Eingo taldeak girotuta

Egoitz Unamuno 2025ko eka. 5a, 14:00

Zapatuan, egun osoko egitaraua izango da Ezozin. Besteak beste, plaza dantzak, arrabitari eta txistulariak, paella, sagardo eta gazta dastaketa, Eingo taldearen emanaldia eta bola premioa egingo dituzte. Spota ikusgai bideoan. 

Ohikoa den moduan, dantza izango da Erromerixa Egunaren ardatza baina aurten ere, antolatzaileek beste osagai asko erantsi dizkiote egitarauari.  

Hala, eguerdiko 12:30ean txorixo egosia eskainiko dute eta ostean, plaza-dantzak dantzatzeko aukera izango da Diadar taldeko txistulariek eta bailarako arrabitariek girotuta. 

15:00ak aldera, Bizimina elkartekoek  gertu izango dute paella eta aurrez izena eman dutenek elizpean bazkalduko dute. 

Arratsaldean, sagardoa, gazta eta erromeria 

Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, sagardoa eta gazta dastatzeko aukera izango da, Elgoibarko Lizagasar Sagartokixaren eta Egotzakoen eskutik.  5 euro ordainduta, nahi beste sagardo edan eta gazta jan ahalko da.  

Belaxe, 18:30ean, hasiko da Eingo taldea erromeria girotzen. Askotariko plaza dantzak joko dituzte: fandango eta arin-arinak, polkak, jauzi-dantzak, korrokoak, banangoa... Kantuak ere izango du bere lekua, tartean tartean, jendea elkarrekin kantatzera gonbidatuko dute eta.  

Bitartean, bolatokia zabalduko dute eta edozeinek izango du bola jaurtitzeko aukera. 19:00etatik aurrera, berriz, parte hartu nahi dutenek Ezoziko Bola Premioa jokatzeko aukera izango dute. 

Egun osoan zehar, Galtzagorri Jai Batzordeko kideek barra zerbitzua eskainiko dute.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.