Asteleheneko elkarretaratzean jakinarazi zutenez, EHPMk bilera eskatu zuen Lehendakaritzan HELari buruz berba egiteko. Bertatik erantzun dietenez, lehendakariak agenda oso estua du ekainean, baina ahal duten guztia egingo dute bilera bat hitzartzeko.
Pentsiodunen mugimendua baikor da erantzunaz eta uste dute Pradalesen edo lehendakari-ordea den Mikel Torresen jarrera “ezinbestekoa” dela Herri Ekimen Legegilea (HEL) tramitera pasatzeko. HELarekin segituz, jakinarazi zuten ekimen horrek animatuta, Estatuko pentsiodunen bestelako mugimendu batzuk “animatu” egin dituela “bere lurraldean antzeko ekimen bat sustatzera”.
Bestelako gaien artean, berriz, lan-mutualitateetako kotizatzaileen alargunen eta bere oinordeko batzuen eskubideak ere izan zituzten berbagai astelehenean. Azpimarratu zutenez, alarguntza-pentsiodunek ez dute Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren oinarrian murrizketarik izateko eskubiderik desagertutako Lan Mutualitateei hildako ezkontideek egindako kotizazioengatik.
Baina gaineratu zutenez, bai pertsona horiek, bai hildakoen oinordeko izan daitezkeen beste batzuek ere PFEZaren murrizketak jasotzeko eskubidea dute, hildakoei bizirik zeudenean aplikatu ez bazaizkie eta bost urteko epea igaro delako preskribatu ez badira”.
Hori horrela, jakinarazi zuten Foru Ogasunek kopuruak ordaintzen ez dizkietela egiaztatzen badute, Ogasunaren eskualdeko bulegoetara joan beharko dutela egiaztapen hori berresteaz gain, ogasunek ordainketa egin dezaten aurkeztu behar duten dokumentazioa argitzeko, hala nola testamentua edo azken nahiaren egintzen ziurtagiria, baina litekeena da ogasunek adieraztea ez dela erreklamaziorik egin behar”.