Eskola Llotja arte-eskola entzutetsuaren 250. urteurrenaren erakusketako parte izango da Jon Errazu artista (Soraluze, 1982). Eskola horretan ikasle izandako nazioarte mailako bestelako artistekin batera erakutsiko ditu bere obrak artista soraluzetarrak, bi margolan kasu honetan, biak ala biak Black Mountains serieko bi obra. Hain justu, 2024an ikusgai izan zituen obra horiek Soraluzeko Oreka Art galerian.
Jon Errazu 2012tik 2015era egon zen pintura murala ikasten Llotja eskolan. Kontatu duenez, berarendako “tranzisioko momentu bat izan” hura, langabezian gelditu zen, gustuko zuen pintatzea eta diseinuko eta arte ederretako kurtso bat eginda gero, aukera eman zion arteko zentro batean sartzeko.
Jaume Plensa eta abar
Erakusketari dagokionez, pozik dago parte-hartzearekin. Errazuk esplikatu duenez, maila handiko erakusketa da. “Jaume Plensa dagoen expo baten parte hartzea ez da egunero pasatzen”, esan du artista soraluzetarrak. Gaineratu duenez, “oso interesantea da figura handiak, eskolako ikasleak eta karrera erdiko artistak batera ikustea expo batean”.
Llotja 250. Contemporary International Exhibition erakusketa ekainaren 18ra artekoa izango da. Hortik aurrera, momentuz ez du ezer lotuta Errazuk. “Ez daukat ezer adostuta. Elkarrizketa batzuk egon dira baina ezer ere konkretatzeke”.
Hori bai, lanean dihardu Errazuk Paisaiak proiektuarekin, “proba batzuk ere egin ditut beste serie berri baterako. Nahiz eta ez den erraza lana eta pintura tartekatzea”.