Arkitektura sariak

Beñat Saratxaga: "Ondarea berreskuratzea eta jasangarritasuna uztartzen dira"

Ubane Madera Zangitu 2025ko eka. 6a, 11:05

Behark estudioak SAPAren pabiloia zaharberritzeko egin duen proiektua, The War is Over izenekoa, finalista izendatu dute arkitekturako bi sariketa garrantzitsutan: Euskal Herriko Arkitektura Elkargoaren sarietan eta Espainiako Arkitektura Sarietan. Lehen sariketan, 162 proiekturen artean aukeratu dute SAPAkoa finalista eta bigarrenean 456 proiekturen artean. Beñat Saratxaga Behark Estudioko arkitektoak bi izendapenen garrantzia nabarmendu du.

 

 

Pozik izendapenekin?

Bai, oso. Finalista izatea jada saria da. Euskal Herriko elkargoaren kasuan, birgaitze edo transformazio atalean, bi sari eta lau finalista daude. Saritik handiena errekonozimendua da, horregatik finalistek ere saria jasotzen dute. Plaka bat ere jartzen da saritutako eraikinetan, diplomak banatu eta liburu bat argitaratzen da saridun eta finalistekin.

Zelan baloratzen duzue aitortza?

Euskal herrian ematen diren arkitektura saririk garrantzitsuenak dira. 36 urte pasa daramatzate eta prestigio handia dute arkitektoen artean; guretzat oso pozgarria da. Gainera, 2019an ere finalistak izan ginen eta 2022an bi sari lortu genituen, berez oso arraroa dena, normalean estudio batek ez dituelako bi sari lortzen edizio bakar batean. Aurtengo edizioan bi proiektuekin finalista geratu gara, SAPAko eraldaketa eta Mugak, Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalerako egindako pabiloi batekin Bilboko Guggenheim museoaren ondoan eraiki genuena.

Zer baloratu dute SAPA finalista izateko?

Suposatzen dut balio ezberdinen nahasketa, baina nagusiki interbentzio eredugarri bat izatea, ondarearen berreskuraketa eta eraldaketa jasangarri bat delako.

2025eko Espainiako Arkitektura Sarietan ere bazarete finalista…

Bai; dudarik gabe aitortza garrantzitsua da, estatu mailako saria izanik kalitate handiko proiektuak bakarrik aurkezten direlako. Dena den, proiektuaren balioak kontuan izanda, gureak planteatzen duen ondarearen berreskurapena eta jasangarritasunaren ikuspegitik, espero genuen fase honetan aukeratuak izatea. Hemendik aurrerakoa zailagoa izango da, baina hala ere, oso positiboa da horrelako proiektuak saritzea, duten balio arkitektonikoez edo formalez gain, eredugarriak direlako zentzu batean. Gure ondareari bizitza ziklo berri bat ematen diotelako, era jasangarrian, gaur egun ezinbestekoa dena. Eta gainera bizitzarako eta pertsonentzako espazio bat sortuz, behar handia duen herri batean.

Proiekzioa ere ekarriko dizue…

Arkitektura munduan batez ere, baina bai, errekonozimendu hauek prestigio handia ematen diote estudio bati, curriculuma indartzen dute… Ez bakarrik estatu mailan, baita atzerrian ere.

Zelan baloratzen duzue SAPAko lanketa?

Oso lan luzea eta zaila izan da, gehienbat proiektua egiteko agente ugari konbentzitu behar izan genituelako, Udala, URA agentzia etab. Bidea ere zailtasunez betea egon da, eta horien artean ekonomikoak ez dira txikienak izan. Esan behar da ere proiekturako oso garrantzitsuak diren gauza batzuk egin gabe geratu direla. Guk hasieratik proiektua faseka egin behar zela argi ikusi genuen eta Gabolats zubi berriaren obrarekin hori guztiz beharrezkoa suertatu zen. Orain oso garrantzitsua iruditzen zaigu, zubia eraiki ostean bigarren faseari ekitea, espazioak era egokian funtzionatzeko eta haren potentzial guztia profitatzeko Soraluzeko biztanleentzako hiri kondentsadore eta bizi-espazio balio-anitz moduan.

Zer faltako litzateke?

Bigarren fasean SAPAko azken eraikina aterpe moduan berreskuratzen da, zubiko oinezkoen zonaldea eta trafikoa era egokian banatzeko, eta espazioan egin behar diren ekitaldientzako espazio zerbitzari moduan erabiltzeko ere, ibaiarekin beste lotura bat sortuz. Gainera, lehen faseko nabean gillotinazko ate batzuk jartzea aurreikusten zen espazioa behar denean itxi ahal izateko, kontzertuetarako edo sektorizazioa behar duten ekitaldietarako. Bigarren fase hori gauzatzeko aukera guztiak zabalik daude, lehen fasean demostratu dugun bezala ezina ekinez egiten da beti. Eta guretzako saririk hoberena beti izango da jendeak espazioa bizi eta disfrutatzea, herritarrek espazioa bereganatzea eta partekatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.