Eskolan hasi zen ikasturte amaierako jaia. Jolasean eta dantzan pasatu zituzten arratsaldeko ikastorduak eskolako patioetan. 16:30ak iristeaz bat, , Plaza Berrira jaitsi ziren kalejiran Marrasek eta trikitilariek lagunduta eta bertan egin zuten agur ekitaldia.
Plazako taula gainera igota zeudela, LH 6. mailakoak agurtu eta haiek izan zituzten lehen berbak. Segidan, DBH 4. mailakoen txanda izan zen. Diskurtsoen ondoren, bertsoak eta Agurra etorri ziren eta jaiari segida emateko, txupinazoa jaurti eta buruhandiak irten ziren kalerik kale.
Bitartean, frontoian gertu ziren mahaiak munduko herrialde mordotako jan-edanez bete-beteta. Marokoko, El Salvadorreko, Nigeriako, Peruko, Errumaniako, Euskal Herriko eta beste leku askotako pastelak, pastak, arrozak, tortillak, gaztak eta gutizia mordoa partekatu zituzten elkarrekin herritarrek.
Eguna borobiltzeko, euriarengatik Gaztetxera lekualdatu behar izan zen Andoni Oilokiegik dantzan eta kantuan jarri zituen bertan batu zirenak.