Barren.eus agerkari digitalak jakinarazi duenez, Kilometroetako antolakuntzak mahai baten bueltan bildu zituen Eneko Beretxinaga, Aitor Nova eta Jone Arriola, Kilometroetako kantua eta bideoklipa sortzeko. Erronka moduan hartu zuten egitekoa hirurek, eta eskerrak eman dizkiete Kilometroetako arduradunei lan hau egiteko beraiekin kontatu izanagatik. Lan hau egitea "ohorea" izan dela adierazi dute.
Sortze prozesuaz
Azaroan izan zuten lehen bilera, eta kantua sortzeko oinarrizkoak ziren hainbat ideia jaso zituzten. Kilometroen helburua azaldu zieten lehenengo: Fokua helduen hizkuntza ohiturak aldatzean jarria zutela azaldu zieten, helduek euskarara salto egitea nahi zutela, haiek direlako umeen eredu. Eta horri lotuta, sokak ere protagonismoa behar zuela aipatu zieten. Mezu horrekin hasi ziren lanean. Kantu bat egiteko modu asko daude, baina oraingoan hitzetatik abiatu dira. Eneko Beretxinagak sortu zuen kantuaren letra, Aitor Novak jarri zion musika eta Jone Arriolak egin ditu bideoklipeko gidoilari eta zuzendari lanak.
"Ni ez naiz letragilea", aitortu du Beretxinagak: "ohituago nago doinu bati letra jartzen, baina oraingoan alderantzizkoa izan da". Soka, helduak eta hizkuntza ohiturak aldatzea hartu ditu kontuan Beretxinagak letra sortzeko, eta hortik abiatuta ikusi du argia Elkarrekin salto euskarara kantuak. Kilometroetako helburua dauka oinarrian kantuaren mezuak, eta belarrira atsegin sartzen den letra sortzen ahalegindu da Beretxinaga: "Atal errepikakor batzuk baditu, estribillo moduko bat, marka propioa duena, Elgoibarren ez ezik, hemendik kanpora ere jendeak abestuko duena".
Gaur, jendaurrean estreinakoz
Elkar estudioan grabatu zuten kantua, eta gaur (zapatua) izango da estreinakoz kantua entzuteko eta bideoklipa ikusteko aukera Elgoibarren. 11:00etatik aurrera, bideoklipa ikusgai dago Ikastolako Moru gelan, eta arratsaldean, berriz, 19:00etan, zuzenean joko dute Elgoibarko Maala parkean, musikariekin.
Irakurri jatorrizko albistea osorik Barren.eus agerkarian eta gaiarekiko erreportaje osoa aste honetako BARREN aldizkarian.