Jai handia egingo dute barikuan eta zapatuan ikasturtea agurtzeko

Ubane Madera Zangitu 2025ko mai. 27a, 16:16

Umea iazko ur parkeko txirristetako batean.

Barikuan eta zapatuan, ekitaldiz betetako egunak antolatu dituzte 2024-2025 ikasturteari agur esateko. Plaentxia Eskolan hasiko da jaia barikuan eta kalera jaitsiko da 16:30etik aurrera. Txupinazo eta guzti, besteak beste, Andoni Oilokiegiren kontzertua izango da. Zapatuan, berriz, Erregetxean 12 urte bitartekoentzako ur-parkea eta tailerrak izango dira eta frontoian, 12-16 urte bitartekoendako puzgarriak. Txaranga eta herri-bazkaria ere iragarri dituzte zapatu eguerdi-arratsalderako. 

Aldapan behera… badator azken traka! izenarekin, ikasturtea agurtzeko jai handia antolatu dute barikurako eta zapaturako. Herriko bi ikastetxeetako hezkuntza komunitate osoaren partaidetzarekin antolatuta, denetarik izango da bi egun horietan.

Buruhandiak, Oilokiegi…

Barikuan, 14:30ean hasiko da jaia Plaentxi Eskolan, jolas, dantza eta tailerrekin. Gero, 16:30ean, denak batera kalejiran jaitsiko dira Plaza Berrira, Triki-Pandero taldeak gidatuta. Plaza Berrian, berriz, omenaldia egingo diete LH6. mailako eta 4. DBHko ikasleei, dantzari eta guzti.

Hori bukatutakoan, txupinazoa jaurti eta buruhandiak ibiliko dira kalerik kale. Frontoian, berriz, gune lasaia egokitu eta hainbat tailer izango dira, besteak beste, henna, janari dastaketa, musika eta beste.

Eguna borobiltzeko, Andoni Oliokiegi musikari entzutetsuak kontzertua eskainiko du Plaza Berrian bertan eta ikas-bidaiakoek barra jarriko dute.

LHkoendako zein DBHkoendako

Zapatuari dagokionez, bi gunetan banatuko da jaia; bata, Erregetxea, 12 urtera bitarteko umeendako gunea izango da. 11:00etatik 13:00ak bitartean, ur-parke bilakatuko da eta ur-txirristak, ur-jolasak eta bestelakoak izango ditu. Atxolin guraso elkarteak barra jarriko du bertan eta Kukumixok tailerrak eskainiko ditu.

Frontoian, berriz, DBHkoendako gunea egokituko da, 12-16 urte bitartekoendakoa. Puzgarriak izango dituzte bertan, giza-futbolina, zezen-mekanikoa eta pendulua. 12:00etan, berriz, dantza tailerra ere izango da aukeran Urratsa Dantza Taldearen eskutik, hori Plaza Zaharrean.

Zapatua borobiltzeko, 13:00etan Txoro-Txaranga ibiliko da herrigunean eta 14:30ean herri bazkaria egingo dute frontoian, bakoitzak bere jan-edana eramanda.

Aldapan behera…badator azken traka!  jaia antolatu dute Plaentxi Herri Eskolak, Atxolin Guraso Elkarteak, Keixeta Guraso Elkarteak, Soraluze BHI Institutuak eta Soraluzeko Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.